Aztnugal: "Zer gehiago gertatu behar da Guardia Zibilak torturatu gintuela onar dezaten?"

Euskalerria Irratia 2016ko ekainaren 3a

Argazkia: Atarrabian torturaren aurka margotutako irudiaren aurrean egin zuten prentsaurrekoa. / ahotsa.info

Beortegiren tortura salaketak ez ikertzeagatik Estrasburgok Espainia zigortu ostean, agerraldia egin dute Aztnugal kanpainako kideek, tortura egon dela publikoki aitor dadin.

Torturaren aurkako muralaren aurrean egin dute agerraldia Aztnugal kanpainako kide andanek. "Espainian torturatzen da". Aho bizarrik gabe hartu du hitza Xabier Beortegik.

Europako Giza Eskubideen epaitegiak Espainia zigortu du haren tortura salaketak ez ikertzeagatik. 2011n hartu zuten atxilo eta tratu txarrak sufritu zituela esan arren, epaileek iskin egin zioten kasua ikertzeari.

"Zer gehiago gertatu behar da Guardia Zibilak torturatu gintuela onar dezaten? Zenbat epai behar ditugu egindakoaren erantzukizuna onartzeko?". Beortegirenak dira galdera erretorikoak. Harena da salaketa.

Prentsaurrekoan, "tortura kasu guztiak" aztertzeko eskatu dute, ikusitakoak ikusita. Are gehiago, Nafarroan ikerketa bat egin dadin galdegin dute, tortura zenbat pertsonek pairatu duten argitze bidean. Halaber, herritarrei dei egin diete, tortura salatzen segi dezaten. Azkenik, Carmen Alba Espainiako Gobernuko ordezkariaren dimisioaren alde azaldu dira.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!