Suhiltzaileak behar dira parkerik ez ixteko

Euskalerria Irratia 2016ko ekainaren 1a

Suhiltzaile parkeetan lan talde minimoak daude, eta batzuetan, minimo horiek egon daitezen ordu gehigarriak sartu behar izaten dituzte.

Nafarroako Larrialdi Zerbitzua ataka estuan dago. Zerbitzu integrala  behar da eta halakorik ezin da eskaini. Suhiltzaile gehiago behar dira. Hala aldarrikatu du gaurko agerraldian Suhiltzaileen Langile Batzordeak. Gutxienez 388 suhiltzailek osatu beharko luke Nafarroako taldea eta ez dira 350 izatera ere iristen. Lan eskaintza egin du Gobernuak. 30 langile gehiago izanen dira laster plantilletan. Baina ez da nahikoa izanen, erretiro asko izanen direlako datozen urteotan.

"Neurriak hartu behar dira, hitzetatik ekintzetara pasa", horixe eskatu diote Gobernuari. Egoera kezkagarria da. Suhiltzaile parkeetan lan talde minimoak daude, eta batzuetan, minimo horiek egon daitezen ordu gehigarriak sartu behar izaten dituzte. "Ordu extrak, boluntarioki egiten ditugu jakinda, ordainetan ez dugula deus jasoko. Hori egin, edo parkeak ixteko arriskua dagoela badakigu".

Lan orduen poltsak sortzea ere bada aukeretako bat, ahalik eta azkarren erantzun bat izan dezan suhiltzaileen gabezia horrek. Hala, plantillaren gehiengoak egin du bat aukera horrekin, gehiengoa izanen litzateke prest ordu gehiago sartu eta 55 urtetik aurrera lan-zama murrizteko, lan ordu gutxiago egiteko ordainetan.

Negoziazioa eskatu diote Gobernuari. Eurekin elkartu eta mahai baten inguruan iritziak entzun eta konpromisoak hartzea. UPNk egindako kudeaketa okerra zuzentzeko giltza du Gobernuak, eta aukera galtzen ez uzteko eskatu diote.

Agerraldi bateratua egin dute Nafarroako suhiltzaileek. Ehun bat elkartu dira, euren egoeraren larria zenbaterainokoa den erakusteko baliatu dute.

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!