Osasunak aurten 1,1 milioi euro bideratzeko asmoa du gaixo kronikoei eta patologia anitzekoei arreta emateko plana zabaltze aldera; haren barnean, 108.000 nafar sartuko dira datozen hilabeteotan. 2014an abian jarria fase pilotu batekin (Donibane, Tafalla, Ultzama, Lizarra eta Tutera Mendebaldeko osasun-zentroak barnean hartuz) eta iragan apirilean Zangoza, Burlata, Elizondo, Biana, Lodosa, Antzin, Tutera Ekialdea, Agoitz, Zaraitzu eta Sanduzelaira zabaldu zen.
Urtebeteko fase pilotua pasa ondoren, emaitzek diote ospitaletako larrialdien tasa murriztea erdietsi dela, bai eta ekidin daitezkeen ospitaleratzeak ere. Profesional eta pazienteen asebetetze-maila handiagoa egiaztatu da, gainera.
Hala adierazi du gaur goizean Osasuneko kontseilari Fernando Dominguezek, Planaren egungo egoeraren berri emateko egindako agerraldian. Aipatu du "beharrezkoa dela egungo gizarteko osasun-beharrei erantzun egoki bat ematea, gero eta zaharragoa dena eta gaitz kronikoek gero eta prebalentzia handiagoa dutenak, laguntza-eredua aldatuz, gaitz akutuetarako egokiena dena, baina zatikatua, eraginkor eza eta efizientziarik gabekoa gaixo kronikoen beharretarako".
Gaixo kronikoak Nafarroan
Plana 108.000 bat nafarrentzat da (79.600 Iruñerrikoak, 17.000 Tutera aldekoak eta 11.400, Lizarra aldekoak). Haietatik, 11.814 larritzat jotzen dira, 19.477 neurrizkoak eta 76.731 arinak. Patologien arabera, prebalentzia handienekoak asma (40.000) eta diabetesa dira (36.030), eta atzetik datoz, kardiopatia iskemikoa, giltzurrun-gutxiegitasuna eta BGBK (16.210, 14.373 eta 12.632, hurrenez hurren). Ondoren, ezbehar kardiobaskularrak (10.051), bihotzeko gutxiegitasuna (7.601), dementzia (5.183) eta zirrosia (729). Guztira, 7.402 patologia anitzekoak dira, hau da, gaitz bat baino gehiago dute.