"Nahiko balute, errefuxiatuei harrera egin ahalko liekete, Kanadak egin bezala, hegazkinean eraman zituela bertaraino", esan du Laparrak. Eta, horrela, Espainiak errefuxiatuak jasotzen ahaleginik egin ez duela salatu du.
Nafarroako Gurutze Gorriko Nazioarteko ataleko arduradun Conchi Igeak ere bide bera hartu du: "Guk dena prest dugu, eta plaza gehiago behar izatekotan ere, Nafarroako Gobernuarekin elkarlanean ariko gara, handitzeko". Egun, 50 toki prest dituzte Gurutze Gorrian, baina errefuxiatuek ez dute Nafarroako lurra zapaldu oraino.
"Azpigaratutako asilo ereduak ez du bat egiten herrialdearen heldutasun demokratikoarekin", Laparraren irudiko.
Jose Luis Iriarte NUPeko katedradunak ere egoera kritikatu du, Europar Batasuneko kideek hitzartutako errefuxiatu kopurua jaso ez dutela salatuz. "Akordioa ez da oraindik promulgatua izan, eta horrek haren legezkotasunaren inguruko zalantza handiak sortzen dizkit".