Maiatzaren 10ean sinatuko dute lankidetzarako protokolo berria Nafarroak eta EAEk

Euskalerria Irratia 2016ko maiatzaren 4a

2009an izenpetutakoa abiadura handiko trenera, ETB ikustera eta euskara sustatzera mugatzen zen. Testu berria, aldiz, 18 alor zehatzetara zabaltzen da.

Nafarroako Gobernuak gaur egindako bileran Nafarroaren eta Euskal Autonomia Erkidegoaren arteko lankidetzarako protokolo orokorbat onartu du; haren bidez, bi autonomia erkidegoen lankidetzarako oinarriak finkatzen dira, eta beraien arteko harreman-bideak zehazten; hala, hemezortzi jarduera-arlotan berariaz aplikatzea zehazten da honako esparru hauei dagozkienak: ekonomikoa, soziala eta kulturala, administratiboa, azpiegiturak eta teknologia.

Eusko Jaurlaritzak atzo onartutako protokoloa Uxue Barkos eta Iñigo Urkullu lehendakariek sinatuko dute maiatzaren 10ean, Gasteizen.

Testu berri bat da, eta bi autonomia erkidegoek 2009ko uztailaren 3an izenpetutakoa zabaltzen eta eguneratzen du; hura abiadura handiko trenera, ETB ikustera eta euskara sustatzera mugatzen zen.

Nafarroak antzeko beste hitzarmen batzuk ditu alboko beste eskualde batzuekin, Errioxarekin eta Aragoirekin, adibidez.

Lankidetzaren beharra

Foru Gobernuak onetsitako testuak dioenaren arabera, Nafarroako Foru Komunitateak eta Euskal Autonomia Erkidegoak harreman berezia dute, eta harreman hori kidetasun historiko, kultural, linguistiko, turistiko eta soziokultural batek bereizarazten du; lankidetzarako tradizio luze bat partekatzen dute, gainera, "eta haiei esker, beren administrazioetako jardueren koordinazioa hobetzeko loturak ezarri daitezke".

Alde horretatik, gogorarazten da autonomia erkidegoen arteko lankidetza Autonomien Estatuaren barnean inplizituki ageri dela, eta gero eta beharrezkoagoa dela autonomia erkidegoek jorratu behar dituzten gaien aniztasuna ikusirik eta mugitzen diren Europako testuingurua nolakoa den ikusirik.

Horregatik, lankidetza horrek "bi autonomia erkidegoen interes komunak asebetetzen lagunduko duela iritzi du arrazionaltasun, sinpletasun, gardentasun eta baliabideen ekonomiaren terminoetan; horrek guztiak biek dituzten zerbitzuak era haien kudeaketaren kalitatea hobetzen lagunduko du".

18 jarduera-alor

Lankidetzarako akordioak, oro har, berariazko hemezortzi esparrutan aurreikusitako ekintzak zehazten ditu.

Alor sozialean, honako atal hauetan zehazten dira jarduerak: gizarte-zerbitzuak, berdintasuna eta emakumeen aurkako indarkeria, osasuna eta kontsumoa, gazteria eta kirola, hezkuntza eta kultura, hizkuntz politika, bakea, bizikidetza eta giza eskubideak, bai eta babes zibila eta segurtasun publikoa ere.

Alor ekonomikoan, ekintzak ondorengo gaietan zehazten dira: espezializazio adimentsuaren estrategia eta garapen ekonomikorako faktoreak, turismoa; ingurumena, klima-aldaketa eta lurralde-antolamendua; nekazaritza eta landa-garapena, eta ogasuna eta finantza-politika.

Bestalde, administrazioaren esparruan, honako hauetan egiten da azpimarra: Toki Administrazioa, Justiziaren Administrazioa eta Funtzio Publikoa. Azpiegituren alorrean, berriz, garraioari eta ikus-entzunezkoen komunikazioari lotutako jarduerak zehazten dira, eta teknologiaren kasuan, administrazio elektronikoari lotutakoak.

Lankidetzarako zazpi modalitate

Protokoloak lankidetarako zazpi modalitate aurreikusten ditu:

- Bi autonomia erkidegoen garapen ekonomiko, sozial eta kulturala erraztuko duten proiektu partekatuak.

- Ekintza komunak, eta haien bidez lortuko da: bi lurraldeetako herritarrenganako arreta hobetzea, lehendik dauden baliabideak optimizatzea eta bi lurraldeetako baliabideen nahiz dispositiboen koordinazioa sustatzea.

- Bi aldeen arteko komunikazioak eta gainerako autonomia erkidegoekin daudenak hobetuko dituzten azpiegiturak egitea.

- Informazio-trukea erraztuko duten informazio nahiz komunikazioko teknologiak garatzea.

- Esperientziak trukatzea eta prestakuntzako ekintzak elkarrekin egitea bi autonomia erkidegoetarako profesionalentzat.

- Dagokion autonomia erkidegoko lurralde-eremutik at emandako zerbitzuen jarraipena egiteko ahalbidetzen duten mekanismoak garatzea.

- Bi autonomia erkidegoetako zerbitzuak eta haien kudeaketaren kalitatea hobetzea xede duen beste edozein jarduera.

Hitzarmenen bidezko garapena

Protokolo orokorrean ezarritako ekintza zehatzak finantzatzeari, antolatzeari eta egikaritzeari lotutako baldintzak kasu bakoitzean adosten diren berariazko tresnetan finkatuko dira (hitzarmenak, akordioak…), eta bertan alde bakoitzak zer betebehar hartzen dituen bere gain erabakiko da.

Tresna horiek formalizatzen direnean, protokolo orokorrean eranskin modura jasoko dira.

Protokoloan eta etorkizunean egingo diren hitzarmenetan aurreikusitako jarraipena aldeen arteko informazio-trukearen bidez egingo da, eta emaitzak ebaluatzeko eta baloratzeko txostenak eginez.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!