Nafarroako Parlamentuak Carmen Alba Espainiako Gobernuaren ordezkariaren dimisioa eskatu du

Euskalerria Irratia 2016ko apirilaren 25a

Carmen Alba. Arg: eitb.eus

Joan den astean  Burlatan eginiko polizia operazioak torturaren aurkako protestak isilarazteko helburu politikoa zuela adierazi dute aldaketaren aldeko lau indarrek. 

EH Bilduk, Ahal Dugu-k eta Ezkerrak gaur goizean Bozeramaileen Batzordean aurkeztu duten  adierazpenak Geroa Bairen aldeko botoa ere jaso du.

Testuan aldaketaren aldeko indarrek joan den astean Burlatan tortura salatzeagatik atxilotu zituzten zortzi lagunen kontrako operazioa errefusatu dute. Legebiltzarraren hitzetan, Carmen Alba Espainiako Gobernuko ordezkariaren motibazioa politikoa izan zen, eta "oso larritzat" jo du. "Giza eskubideak eta adierazpen askatasuna urratu ditu berriro" horrek, parlamentuaren hitzetan, eta, horregatik, haren dimisioa eskatu du. Gainera, zortzi atxilotuei, Burlatako alkateari eta udalari, eta torturak jasan dituztenei elkartasuna adierazi die legebiltzarrak.

Adolfo Araiz EH Bilduren bozeramaileak nabarmendu du motibazio politikoa izan zutela atxiloketek. Koldo Martinez Geroa Bai-koak, berriz, "muntaia polizial bat" izan zela: "Ez dakit zer helbururekin egin zuten, baina adierazpen askatasunaren kontrako erasoa dirudi", gaineratu du. Laura Perez Ahal Dugu-ren ordezkariak adierazi du tortura salatzea ezin dela delitu izan, eta ez litzatekeela zigortu behar. Jose Miguel Nuin Ezkerrakoak nabarmendu du ez zegoela epailearen agindurik atxiloketetarako. Adierazpen honetan Legebiltzarrak bere elkartasuna adierazten die atxilotutakoei, haien familiei eta Burlatako alkateari.

UPNk, PSNk eta PPk, aldiz, aurkako botoa eman dute. Carlos Garcia Adanero UPNkoak Alba kritikatzea onartezina dela esan du. Maria Txibitek begirunea adierazi die Espainiako segurtasun indarrei. Ana Beltran PPkoak esan du adierazpen hori onartzea Albari delitu bat leporatzea dela, eta bere ustez hori "lotsagarria" da.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!