Bake eta Elkarbizitzako jardunaldien azken ekimena bihar, antzezlan batekin

Euskalerria Irratia 2016ko api. 19a, 08:44

'Eta hik zer?' ikuskizuna izanen da Baketik Fundazioaren eskutik. 19:30ean izanen da Planetarioan.

Gatazkak gainditzeko kultura eta hezkuntza gako dituen ikuskizuna da Eta hik zer?. Baketik Fundazioak eskainiko du antzezlana Planetarioan bihar 19:30ean. Sarrera librea da aretoa bete arte. Bake eta Elkarbizitzako jardunaldien azken ekimena izanen da.

Antzezlan parte hartzailea da Baketik Fundazioak egiten duen proposamenarena. Elena Aranbarri eta Mai Gorostiaga izanen dira aktore eta hausnarketarako zenbait galdera eginen dituzte: zer gertatu da eta zergatik? Zer egin dezakegu orain? Etorkizunean halakorik errepika ez dadin nola jokatu behar dugu?

Elkarbizitzaren bidean, artearen begirada

Bake eta Elkarbizitzako lehen jardunaldiak antolatu ditu Nafarroako Gobernuak. Artearen begiradatik elkarbizitza eraikitzeko proposamena izan da. Lau ekimen izan dira guztira eta zenbait diziplinetatik hausnarketari egin diote bide: argazkilaritzatik, literaturatik eta antzerkitik, besteak beste.

Gervasio Sanchez argazkilaria izan zen lehena jardunaldi horietan. 'Gerrako aurpegiak. Duintasuna da garrantzitsuena' izeneko hitzaldia eskaini zuen. Bernardo Atxagak 'Euskal hiria' izan zuen mintzagai eta Proyecto 43-2 izeneko taldeak 'Bestearen begirada' jarri zuen abiapuntuan.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!