'Bide eman euskarari, euskaraz bizi nahi dugu' goiburuarekin manifestazioa deitu du Kontseiluak

Euskalerria Irratia 2016ko api. 15a, 12:12

Ekainaren 4an 17:30eatn Iruñean izanen da manifestazioa. Euskararen alde aritu direnen indar-erakustaldia izanen da eta Gobernuari euskarari bide emateko neurri eraginkorrak eskatzeko aldarria.

Euskarari bide emateko neurri ausartak eman behar direla aldarrikatu du Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluak. "Aldaketa hizki larriz idatzi ahal izateko, euskaratik eman behar dira pausoak", hala ohartarazi du Kontseiluko idazkari nagusi Paul Bilbaok. "Hizkuntza-politika eragingarri batek emanen dio bide euskarari", gaineratu du. Bide hori egiteke dagoela iritzita, Bide eman euskarari, euskaraz bizi nahi dugu goiburuarekin eginen du manifestazioa Kontseiluak. Iruñean izanen da heldu den ekainaren 4an 17:30ean.

Euskara hizki larriz idazteko

Iazko Apirilaren 25ean Anaitasunan Kontseiluak aldarrikapen iugari egin zituen. Tartean, euskarari dagokion tokia emateko beharrezkoak ziren neurriak hartzeko proposamena egin zuen: corpus juridiko egokia, plangintza eragingarriak, baliabide egokiak eta herri gogoa. Azken zutabe hori indartsu aritu da euskararen alde Bilbaoren iritziz. Beste hiru zutabeak indartu eta sustatu behar direla uste du Kontseiluak eta horixe aldarrikatuko dute ekaineko manifestazioan. "Jauzia egiteko garaia da, bestelako neurriak hartzeko unea", azaldu dute. Hortaz, euskarari bide eman dietenei aitortza egiteaz gainera, oraindik urrats horiek egin ez dituztenei bat egiteko deia eginen diete: "Guk bide eman diogu euskarari baina denok eman behar digu bidea".

Bereizkeria bidegabeari irtenbide eman

Euskararen Legearen 29. urteurrena izan zen joan den abenduan. 30. urteurrenik ez luke ospatu nahi Kontseiluak. Bizitokiaren araberako bereizkeriarekin amaitu behar dela uste dute. Hala, euskalgintza eta erakundeak elkarrekin jarduteko garaia iritsi dela diote.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!