'Neskatoak' dokumentala gaur Parlamentuan ikusgai

Euskalerria Irratia 2016ko api. 11a, 09:11

Gaur 19:00etan, Nafarroako Parlamentuan 'Neskatoak' dokumentala aurkeztuko du Jon Abril zuzendariak.

Estreinatu eta lehenbiziko hilabetean bederatzi emanaldi eskaini ondotik, 20 baino gehiago dira, dagoeneko, Neskatoak dokumentalak lotuta dituen emanaldiak. Horien artean nabarmentzekoak dira gaur eta bihar Iruñean eginen diren emanaldiak.

Gaur izanen da aukera dokumentala ikusteko Nafarroako Parlamentuan. 19:00etan izanen da eta herritar denentzako irekitako saioa da.  Errepresioaren 80. urteurreneko ekitaldien programazioaren harira emanen da dokumentala legebiltzarrean. 

Emakumeen bizipenak kontagai

Dokumentalak 1940 eta 1970 urteen artean Ipar Euskal Herrira eta Frantziako bertze hainbat tokitara lanera joandako emakumeen bizipenak jaso ditu. Emakume horiek, nerabe eta neska gazteak, familia gibelean utzi, eta bizimodu hobe baten bila joan ziren. Batez ere, etxe onetan “interna” moduan eta hotel eta jatetxeetan zerbitzari eta sukaldari lanetan aritu ziren. Baldintza gogorretan aritu behar izan zuten emakume hauek, 12 eta 14 orduko lan-jardunetan; kontraturik eta paperik gabe anitzetan; eta pasaporterik gabe, muga gordeka pasa behar izan zuten hainbertzek. 

Baztan-Bidasoako 15 emakumeren bizipenak biltzen ditu dokumentalak, ordu betean. Euskaraz sortua da, eta gaztelaniazko azpitituluekin ikus daiteke.

Baztan-Bidasoan, bestze hiru emanaldi

Iruñakoaz gain, beste hiru emanaldi gehiago izanen dira hurrengo egunetan, guztiak Baztan-Bidasoa eskualdean. Hala, larunbat honetan, apirilaren 9an, arratsaldeko 19:00etan Lesakako Harriondoa kultur etxean eskainiko da dokumentala. Apirilaren 15ean, ortziralez, Doneztebeko Herriko Ostatuan izanen da emanaldia, 19:00etan; eta egun bat beranduagoa, hilaren 16an, Zugarramurdiko Sorginen Museoan, 17:00etan.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!