Aralarko Aingerua bihar izanen da Parlamentuan

Euskalerria Irratia 2016ko api. 5a, 08:40
Aralarko Aingeruari iaz egindako harrera Nafarroako Parlamentuan.

Aldaketak izanen dira harrera ekitaldian eta horrek kritikak eragin ditu parlamentarien artean.

Nafarroako Parlamentuko presidenteak, Ainhoa Aznarezek, ez dio harrerarik eginen Aralarko Aingeruari. Bestelako hitzorduak ezarriak dituelako ez da izanen ekitaldian eta presidenteordeak hartuko du Aralarko Aingerua, Alberto Catalanek. Aldaketa gehiago ere izanen dira ekitaldian: Aingerua ez da izanen osoko bilkuren aretoan eta Harrerarako Aretoan eginen diote ongi etorria; urteotan emandako 180 euroko dohaina ere ez du izanen aurten eta abesbatza ere ez da izanen ekitaldian. Hala erabaki zuen Parlamentuko Mahaiak joan den astean eta atzo ezagutarazi zuten Mahai eta Eledunen batzarraren osteko agerraldian parlamentariek.

Parlamentuko Mahaian dauden lau alderdien artetik bik baino ez zuten egin harrera horren alde: Geroa Baik eta UPNk. EH Bilduk eta Podemos-Ahal Duguk ezezko botoa eman zioten. Izan ere, PSN eta Izquierda-Ezkerrarekin batera uste dute ekimen erlijiosoak erakundeetatik urrundu egin behar direla. Hala, UPN eta Geroa Bairekin batera Nafarroako alderdi popularra baina ez zen atera.

Geroa Baik onartu du, erakundeetatik urrundu beharra dagoela erlijioa, baina, ez du kontraesanik ikusten Aralarko Aingerua Parlamentuan hartzea “nafar askok duten sinesmena” delako eta Aralarko Aingerua “oso maitatua” delako askorengandik.

UPNrentzat onartezina da Parlamentuko presidenteak ez hartzea Aralarko Aingerua. Proposatu dituzten aldaketak ez zaizkio gustatu alderdi popularrari ere.

EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu, Izquierda-Ezkerra eta PSNrentzat lekuz kanpo dago “oraindik erakunde publiko batek hartzea ekimen erlijiosoa”.

EH Bildu ez da harrera horretan egonen, ez eta Ahal Dugu ere.

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!