9.604 herritarrek jaso dute larrialdietarako diru-laguntza

Euskalerria Irratia 2016ko api. 4a, 08:17
Miguel Laparra Gizarte Politiketako presidenteordea.

Etxebizitza gastuak ordaintzeko, argindarrarenak, elikagaietarako edo osasun arloan erabiltzeko baliatu dituzte herritarrek laguntzak.

9.604 herritarrek jaso dute 2015ean larrialditarako Nafarroako Gobernuak abian jarritako laguntza berria. Horien artetik, herena, adin txikikoak izan dira. Miguel Laparra Gizarte gaietako kontseilariak nabarmendu du 1,6 milioi euro bideratu zirela urrian laguntza horiek bideratzen hasteko eta bi hilabetean %57 egikaritu dira.

Oinarrizko beharrak asetzeko bideratu dira laguntzak: etxebizitzarako, elikagaietarako, osasunerako eta gizarteratzeko: Tokian tokiko entitateen ardura izan da larrialdirako laguntza horiek kudeatzearena. Oinarrizko beharrak asetzeko baliatu dituzte: bereziki, etxebizitza, energia gastuak betetzeko, elikadura, osasuna eta hezkuntzan.

Guztira, 9.604 herritarrei iritsi zaie laguntza hori eta horietatik 3.709 adin txikikoak ziren. Gobernu berriak, 1,5 milioi euro bideratu ditu laguntza horietara eta 100.000 inguru entitate lokalek jarri dute. Pobreziari aurre egiteko eta pertsonen gizarteratzea sustatzeko xede dute laguntzok.

Diru horren gehiena, etxebizitza gastuetara bideratu da, %57a, 960.000 euro inguru: Alokairua ordaintzeko, hipoteka edo bestelakoa. Bigarren beharren artean, elikadurarena dago. %44 bideratu da horretarako 750.000 euro. Energia ordaintzeko ere diru asko erabili da, %12, 203.000 euro inguru. Hezkuntza eta gizarteratzerako 96.000 euro bideratu dira eta bestelako oinarrizko beharrak asetzeko 190.000 euro.

Bi hilabetean gauzatu dira diru bideraketa hauek, eta horixe ere nabarmendu du kontseilariak. Laparrak azpimarratu du, tokian tokiko entitate lokalek eta oinarrizko gizarte zerbitzuetako langileek azkartasunez egin dituztela lanak eta bost eta zortzi egunen bueltan ebatzi dituztela laguntzak. Hala, konparazioa ere egin du. Larrialdirako laguntza hauek onartu arte, urria baino lehen alegia, ez-ohiko laguntzen bitartez betetzen zituzten pobreziari aurre egiteko beharrak. 2015ean, ez-ohiko laguntza horien bidez 883 eman ziren eta aldaketarekin, bi hilabetean 1.409 izan dira eman direnak.

Feed backa ere jaso dute gizarte gaietako departamentuan. Oinarrizko Gizarte Zerbitzuetan larrialdi egoeratarako laguntzen inguruko balorazioa eskatu diete. %93ak positibotzat jo ditu laguntza horiek. Eskaerak eta iradokizunak ere, egin dizkiete: alde batetik, laguntza berriak eman dien kudeatzeko aukera eskertu dute. Halako laguntzetan ematen den administrazioarekiko lanak leundu egin direlako eta euren esku izan delako kudeaketa guztia.

Baldintzak ere malguagoak izan dira eta betekizunetan aldaketak zeudelako. Hala, jende gehiagorengana iristeko aukera izan da, eta orain arte beharra bazuten baina baldintzak betetzen ez zituzten pertsonei eman ahal izan diete laguntza.

Horrek guztiak, diote oinarrizko gizarte zerbitzuetatik, ahalbidetu du azkarrago erantzun ahal izateko eskaria egindako kideei.

Diru partida berriak

Beste bi laguntzen deialdia ere iragarri du Laparrak: 1,5 milioi euro bideratuko dituzte gizarteratzea sustatzeko eta kasu honetan, lan arloan murgiltzea errazteko zailtasun gehien dutenen artean.

Irabazi asmorik gabeko entitateei bideratuko diete 1,4 milioi euro, gizarteratze proiektuetara bideratu ditzaten.

Beste deialdiak helburu du lan munduan murgiltzea. Horretarako, 700.000 euro bideratuko ditu Gobernuak.

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!