Maiatzaren 1etik aurrera artatuko ditu Osasunbideak OPUSeko unibertsitateko langileak

Euskalerria Irratia 2016ko mar. 23a, 08:23
Argazkia: Nafarroako Unibertsitate Klinikan artatzeko eskatu zuen elkarretaratzea. /@mbarcaiz

> Sare publikora igaroko dira orain arte sare pribatuan, baina diru publikoz, artatutako langileak eta haien sendiak.
> Nafarroako Unibertsitate Klinikan tratamendu akuturen bat hasi dutenek hor segitu ahalko dute.

Osasungintza publikoak hartuko ditu bere gain OPUSeko langileak, gainontzeko herritar guztiak bezalaxe. Hori da Nafarroako Gobernuak adostu duena, eta ez kalapita gutxirekin. Haatik, erabakita dago jada, eta maiatzaren 1ean jarriko dute indarrean.

Badira zenbait "balizko salbuespen", dena dela. Prozesu onkologiko bat bizitzen ari direnak klinikan geratu ahalko dira, baldin eta bertan hasi badute tratamendua. Prozesu kirurgikoren bat bertan egitekoa dutenek ere egin dezakete hor, gehiago ez atzeratzeko, beti ere, maiatzaren 31 baino lehen.

Bestalde, Nafarroako Unibertsitate Klinikarekin hasi dutenak haurdunaldiari dagozkion zaintza guztiak zentroan jarraitu ahalko dute, erditu arte. Emaitzen zain dauden pazienteak ere joan daitezke klinikara, baina maiatzaren 31 iritsi aurretik jaso beharko dituzte haien frogak.

Medikazioa jarraiki behar dutenak ere OPUSeko klinikan egonen dira, publikora bidali arte. Azkenik, errehabilitazio tratamendua jasotzen ari diren gaixoek ere jarraitu ahalko dute errekuperazioa hasi duten toki berean.

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!