Frankismoaren sinbologia kentzen lagunduko dio Iruñeko Udalak Nafarroako Gobernuari

Euskalerria Irratia 2016ko mar. 22a, 13:51
Argazkia: Joseba Asiron alkatea eta Alvaro Baraibar Bake, Bizikidetza eta Giza eskubideen zuzendaria.

Jada indarrean dauden frankismoaren sinboloen kontrako legeak nola aplikatu adosteko egin dute bilkura udalak eta gobernuak, beti ere, Nafarroako espazio publikoa "demokratizatzeko" asmoz.

Nafarroako Gobernuko Bake, Bizikidetza eta Giza eskubideen zuzendari Alvaro Baraibar eta Iruñeko alkate Joseba Asiron batu dira, sinbologia frankista borratzerakoan elkarlana bilatzeko.

2013/33 Foru Legea du ardatz gobernuak. 1936ko kolpe militarraren errepresioak eraildako nafarren onarpena eta erreparazio defendatzen ditu lege horrek. Are zehatzago, 11. puntuan Nafarroako Gobernuak "ezkutuak, intsigniak, plaka eta frankismoaren gorazarrea egiten duten bestelako oroigarriak" kentzeko eskumena duela dio.

Halaber, 2003n parlamentuak onartutako adierazpen batek ere "askatasunaren kontrako elementuak" ezabatzeko eskubidea eskaini zion exekutiboari.

Bi euskarri legal horiei eutsiz, frankismoaren sinboloak desagerrarazteko bideari ekin dio gobernuak, eta Iruñeko Udala bidaide izanen du.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!