Sarrigurenen D ereduarentzat eraikin propioa nahi du hezkuntza komunitateak

Euskalerria Irratia 2016ko mar. 9a, 13:31
Argazkia: Gatazkaren inguruan Sarrigurengo eskolan ipinitako pankarta.

Batzarra egin zuten atzo Sarrigurengo eskolan, eraikinak hizkuntzaren arabera banatu behar ote diren aztertzeko; jolastokia, gimnasioa eta beste konpartituko dituzten zentro bereizien alde egin dute.

"Sarrigurenek ez dauka eta ez du izan bizikidetza arazorik sekula, baizik eta baliabide eta azpiegitura eskasia". Sarrigurengo hezkuntza komunitateak egin ditu hitzok. Ereduka bereiztearen inguruan sortutako polemika apaldu nahi izan du -Esaterako, PSNk sexu segregazioarekin alderatu zuen haurrak hizkuntzaren arabera banatzea-.

Ildo horretan, CP Sarriguren IP Edusarri eta Denok Bat plataformek manifestua kaleratu dute, eta sostengua eman diote guraso elkarteak eta Sarriguren Hazi eta Hezik. Bertan, "hezkuntzaren kalitatearen eta elkarbizitzaren" alde azaldu dira. Ereduka banatutako zentroak nahi dituzte.

Proiektu linguistiko guztiak "erabat" garatu ahal izateko "hezkuntza espazio zabala" behar da, haien aburuz, bi eraikinek osatutakoa. Bakoitzak haren irakaslegoa, zuzendaritza, ikasleria eta langileak izanen lituzke, haatik, garatuko lukete bien arteko "bizikidetza plana". Eta ez hori bakarrik. Konpartitu eginen lituzkete zenbait espazio, jolastokia eta kiroldegia, adibidez.

Hezkuntza Sailari begira

Gaia Hezkuntza Sailaren eskumena baino ez dela gogora ekarri dute, ez baitu argitu 1.300 ikasleak nola egonen diren eraikinetan banatuta. Plangintza garatzeko galdegin diote.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!