Ikastetxeak hizkuntza ereduka banatzea sexu segregazioarekin parekatu du PSNk

Euskalerria Irratia 2016ko ots. 15a, 13:56
UPNko Hezkuntza kontseilari Alberto Catalanek Sarrigurenko ikastetxera egindako bisita bat. Hark ezarri zuen han PAI (argazkia: navarra.es)

> Abian da hizkuntzari eta hezkuntzari buruzko polemika berria. Eztabaidagaia, Sarrigurenen eta Noainen D ereduak ikastetxe propioa edukiko duenentz.

Lan Eskaintza Publikoaren ika-mikaren oihartzunak oraindik erabat itzaltzeke direlarik, ozenki jarri da abian hezkuntzari eta hizkuntzari buruzko polemika berria: orain D eredu publikoari ikastetxe propioak edukitzea eta hartara hizkuntza murgilketa bermatu ahal izatea eragotzi nahi diote.

Afera Nafarroako Parlamentuko Mahai eta Eledunen Batzarrean aztergai izan da gaur goizean, eta taldeek gogorki finkatu dituzte haien jarrerak. PSNko eledun Marai txibitek erabili du formulaziorik gogorrena: “Ikasleak hizkuntzaka banatzea ikasleak sexuka segregatzea bezalakoa da”, esan du, bistan denez, Opus Deiren ikastetxe segregazionistak gogoan.

Bide beretik jo dute UPNko Javier Esparzak “euskararen inposizioa” salatuz, PPko Ana Beltranek “apartheid linguistikoa” aipatuz, eta (euskararekin lotura duen orotan ohiko bihurtzen ari denez) Izquierda-Ezkerrako Marisa de Simonek, “akatsa” dela esanez. IEko parlamentariaren arabera, “elkarbizitza” bultzatu behar da eta “esperientziak trukatu” behar dira.

Geroa Baik afera honetan ez du bere jarrera erabat argitu. Koldo Martinez eledunak esan du elkarbizitza “garrantzitsua” dela, baina halaber gurasoen iritzia aintzat hartu behar dela. Ahal Dugu-ko Laura Perezek bide beretik jo du, “erabaki demokratikoak” aldarrikatuz.

EH Bilduko Adolfo Araiz izan da D ereduko ikastetxe bereizien alde mintzatzen bakarra: “Murgiltze eredua ziurtatzeko beharrezkoa da ereduka banatzea”.

Sarriguren, adibide paradigmatikoa

Hori guztiori horrela, Mahai eta Eledunen Batzarrak onartu du Mendoza kontseilariari galdetzea ea Sarrigurenen eta Noainen D ereduak ikastetxe bereiziak izanen dituen.

Sarrigurengo egoerak ederki azaltzen du zertara datorren polemika hau. Sarriguren eta Buztintxuri dira Iruñerria osoan hazkunde demografikorik handiena duten bi eremuak. Biotan ez dago D eredu bereizirik. UPNko Gobernuak biotan PAI (ingelesez ikasteko egitasmoa) ezarri zuen. Eta ikastetxe bakarrean elkartu zituen PAI G (ingelesa eta gaztelera), PAI A (ingelesa, gaztelera eta euskarazko ordu gutxi batzuk) eta PAI D (ingelesa eta euskara) ereduak.

Hazkunde demografiko handiaren ondorioz, Sarrigurengo ikastetxe publikoak berehala egin du gainezka. Eraikin berria egiten ari dira. Eta D ereduko zenbait gurasok Denok bat, denok D taldea sortu dute, bi eraikinetako bat D ereduarentzat izan dadin, euskarazko murgiltzea bermatze aldera, eta elkarbizitza bultzatzeko beste ereduekin hainbat jarduera egitea defendatuz. Hain justu hori da polemika berri honekin eragotzi nahi dutena.

Nolanahi ere, polemika ez da horren berria; izan ere, joan den legealdiaren amaieran, ikastetxeak hizkuntza ereduka banatzearen aurkako adierazpena onartu zuen Parlamentuak, Izquierda Ezkerraren eta Geroa Bairen aldeko botoekin. Horren ondotik, Geroa Bain barne eztabaida gogorrak izan zituzten erabaki horren karietara.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!