Berdintasun lege berria egitea, lehentasun

Euskalerria Irratia 2016ko martxoaren 8a

Ana Ollok aurkeztu du Berdintasun plana osatzeko asmoa eta Eva Garcia izan du ondoan.

Irailean jarriko du martxan legea aldatzeko prozesua. Gizartea urteotan aldatu den heinean, legea aldatu eta garaietara egokitzea izanen da Gobernuaren xedea.

Berdintasunaren alorrean, Nafarroako Gobernuak 2016an izanen duen «erronkarik garrantzitsuena» izanen da Emakumeen eta Gizonen Arteko Berdintasuna Sustatzeko Foru Lege berria egitea. Horretarako, irailean abiatuko du diagnostiko lana. Hau da, aztertzen hasiko da 2002ko Berdintasun Legeak zein hutsune dituen eta berria osatzeko bidea eginen du. Gizartea urteotan aldatu den heinean, legea aldatu eta garaietara egokitzea izanen da xedea.

Horrez gain, legebiltzarrak iaz onartutako Emakumeen Kontrako Indarkeriaren Aurkako Foru Legea aplikatzen hasiko da gobernua  . Ekaina baino lehen aurkeztu nahi dute egitasmo hori. Hain zuzen, datu zenbait eman ditu indarkeria matxistaren inguruan Ana Ollo gobernu eledunak.

Estatu mailan, Nafarroa bosgarren kokatzen da emakumeen jarduera tasari begira, langabezia datuei erreparatuta %15ekoa da emakumeen kasuan, %12koa gizonezkoenean; emakumeek dute ikasketa maila altuagoa gizonek baino eta parlamentarien artean bitik bat emakumea da. Gobernu barruan ere, goi karguak kontuan hartuta %52 dira emakumeak. Baina datu lazgarriak ere badaude: Nafarroan hiru salaketa jarri dituzte emakumeek egun bakoitzeko.

Diru-laguntzak berriz martxan

2013an UPNren agintaldian kendutako diru laguntza batzuk berreskuratu ditu Nafarroako Gobernuak, 220.000 euroko partida bideratuta. Hala, irabazi asmorik gabeko elkarte feministen diru laguntzak banatuko dituzte datozen hilabeteetan. 40.000 euro emanen dizkiote IPES elkarteko dokumentazio zentroari, 10.000 euro izanen dira Comfin elkarte feministen federazioarentzat, 40.000 euro emanen dizkiote Kattalingorri elkarteari eta 10.000 euroko laguntza zuzena emanen diote Nafarroako Unibertsitate Publikoari, genero graduondokoa kudeatzen laguntzeko.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!