Aurreko legealdiaren bukaeran egin zen ikerketa batzordean ez zen lortu auziaren inguruan dauden zalantzak argitzea, eskari bateratua egin duten taldeek azaldu dutenez: "Denbora faltak eta CAN Fundazioak nahiz Nafarroako Gobernuak ikerketa batzordeari laguntzeari uko egiteak eragin zuten ondorioek ez argitzea zalantza gehienak". Hori dela eta "Kutxak eta hari lotutako entitate guztiek eginiko jarduera guztiak ezagutu" nahi dituzte bost taldeek, "ordezkari politikoen eta entitatearen kudeatzaileen ardura aztertzearekin" batera. Horrela, batzorde horren helburua litzateke zehaztea ordezkari horiek CANen sorrerako printzipioei jarraituz jardun ote zuten, eta jakitea zein den kutxa desagertu ondotik geratzen den ondarea.