TRWko komiteak ez du 123 kaleratze jaso dituen Lan Erregulazioa sinatuko

Euskalerria Irratia 2016ko ots. 25a, 08:37

Kaleratzeak eta hitzarmena ez dituztela sinatuko dio ELAk ez dagoelako justifikaturik ez ekonomikoki, ez antolaketari dagokionez ez eta produkziori begira ere.

123 kaleratze jaso ditu Lan Erregulazio Espedienteak. Horixe izan zen ZF TRW multinazionaleko zuzendaritzak mahai gainean jarritako azken proposamena. Kaleratze horiek egiteko "beharra" zegoela nabarmendu zuten, Landabengo lantokiaren etorkizuna ziurtatzeko. Enpresa komitea batzartu zen proposamen hori aztertu eta erabakia hartzeko. ELA sindikatuak argi utzi du: "Ez dugu Lan Erregulazio Espediente hori sinatuko ez dagoelako inongo justifikaziorik kaleratze horiek egiteko". Ekonomikoki, antolaketari dagokionez eta produkzioari begira ez dago "arrazoirik" planteamendu hori onartzeko sindikatuaren ustez. Gaineratu du ELAk lan erreformaz baliatu dela multinazionala kaleratzeak egin ahal izateko.

Atzo bertan abiatu zen boluntarioki lantokia uzteko epea. Horrez gain, ZF TRWK birkolokatzeko aukera eskaini die langileei Espainian dituen plantetan edo Munduan barrena dituenetan. Landabenen geratuko diren 497 langileentzat hitzarmenak gehiengo sindikalaren babesa beharko luke abian jartzeko. TRWko enpresa komitean CCOOko 7 ordezkari daude, UGTko lau, LABeko 3, ELAko 2 eta CGTko bat daude. Denek nabarmendu dute lantokian oraindik “ezinegona eta ziurgabetasuna” direla nagusi.

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!