Martxoaren 4ra arte eska daiteke Errigora ekimeneko olioa

Euskalerria Irratia 2016ko ots. 18a, 20:34

“Nafar Hegoaldeko uzta eskutik eskura” kanpainan Ablitas, Arroitz, San Isidro del Pinar eta Cascanteko bost litroko olio ekologiko ontzia 32 euroan eskuratu ahal izanen da eta konbentzionala 22,5 euroan. 

Kalitatezko produktuak ekoizleengandik kontsumitzaileenganaino zuzenean helarazi  eta bidezko prezioan dira ekimenaren erronka nagusiak. Honekin batera Errigorak euskarari bultzada eman nahi dio urtean zehar abiarazten dituen ekimen desberdinetan. Oraingo kanpaina honetan salgai dauden olio ontzi guztiak euskarazko etiketak izanen dituzte.

Ekimenaren bultzatzaileek Gasteizen gaur egin duten aurkezpenean azpimarratu duten bezala

“Nafarroa hegoaldeak berezko dituen produktuak gure eguneroko kontsumo ohituretara ekartzeko proposamena da. Eskaerak urtean behin eginez, eta urte guztirako beste eskatuz. Otsailean oliba olio birjina estra; maiatzean, berriz, kontserba loteak.

Baina, era, berean, eskutik eskura kontsumitzaile arduratsuak herriz herri saretzeko saiakera ere bada. Auzolana bitartekari, talde handietan antolatuta, eskaera handiak bideratzeko modu bat. Orain arte, 50 bat herritan 3.000 etxe inguru saretu gara eta, iazkoan, 9.100 bidoi banatu genituen; 45.500 litro olio.”

Helburuak

“Kontsumitzaileok bat egin eta, auzolanean, bertako produktuak kontsumituta, gutako bakoitzari on egin dagigun eta, denon artean, gure inguru hurbilari on egin diezaiogun: batetik, gutako bakoitzak kalitatezko produktua jasoko du, kasu honetan Nafarroa hegoaldeko oliba olio birjina estra. Euskaraz etiketatuta eta ekoizlearen jatorrizko prezioan. Eskaerak banaka bideratuta, nekez eskura genezakeena. Bigarrenik, guztion artean, bertako ekoizpenari bultzadatxoa emango diogu, ingurumena zaintzen lagunduko dugu eta euskal lurraldeen arteko harremanak sustatzen ariko gara. Eta azkenik, euskarari ere on egingo diogu, ekoizleak euskarara oraindik gehiago erakarriz”.

Olioa lau errotak jarriko dute aurtengoan. Cascanteko La casa del aceitek, Ablitasgo kooperatibak, San Isidro del Pinarreko Bardeak eta Arroitzeko Ekolok.

Eskaerak kanpaina garatuko den herri eta hirietan egin ahal izanen dira, kalean, ikastetxe, euskaltegi, lantoki eta abarretan banatuko diren esku orriak betez, ala gure web gunearen (errigora.eus) bitartez. 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!