Izquierda Ezkerrako parlamentari Jose Miguel Nuinen arabera, “Izquierda Ezkerraren aldaketaren aldeko engaiamenduak ez du atzera bueltarik”. Nuinek gaur goizean prentsaurrekoan azaldu duenez, aldaketa horrek bi ezaugarri nagusi ditu: “agenda soziala, jendeari lehentasuna ematea” eta “Nafarroaren pluraltasun identitario, nazional, linguistiko eta kulturalaren kudeaketa egokia”, eta “denok jokatu behar dugu horiekiko leialtasunez”. Haatik, “aldaketaren agendaren ordez agenda abertzalea erabiltzen bada, tentsioak izanen dira”.
"Konfrontazio identitarioan zubi lana egin nahi dugu"
Batzarreko eledun Joseba Ezeolazak agerraldi berean azaldu duenez, “desadostasunak naturaltasunez ikusi behar dira, pentsatu gabe desadostasun horiek aldaketa ahultzen dutela”. Nolanahi ere gaineratu du “garrantzitsua” litzatekeela “gai garrantzitsuetan lau alderdien arteko adostasuna gainditzea eta oposizioari gonbidatzea gauzak hitz egitera eta adostera”, esate baterako, “ETAren memoriaren errelatoan, indarkeriaren errelatoan eta hezkuntzarekin zerikusirik duten aferetan”. “Izquierda Ezkerrak zubi lanak egin nahi ditu konfrontazio identitarioan”, gaineratu du.
Hezkuntzako Lan Eskaintza Publikoari dagokionez, Ezeolazak afera “desideologizatzeko beharra” nabarmendu du, eta gaineratu du Parlamentuan lan batzorde bat osatu beharko litzatekeela hezkuntzarekin, gaztelerarekin, ingelesarekin eta euskararekin zerikusia duten gaiak jorratzeko”. Nuinek halaber esan du Izquierda Ezkerrak euskararen aurrera egitearen alde dagoela, “baina askatasunetik, borondatetik eta eskaerari erantzunez”.