Hezkuntzan eredu hirueledunekin zuhur jokatzeko gomendatu du Europako Kontseiluak

Euskalerria Irratia 2016ko urtarrilaren 26a

Behatokiko Zuzendaria Garbiñe Petriati eta Kontseiluko Idazkaria Paul Bilbao. Arg: uriola.eus

Kontseiluak eta Behatokiak azpimarratu bezala, adituek ohartarazten dute tentuz ibili behar dela ingelesaren ezarpenak kalterik eragin ez dezan gutxiengoen hizkuntzen irakaskuntzan. 

Europako Kontseiluko Ministroen Batzordeak eta Adituen Batzordeak gomendioak egin dizkiote Espainiako Estatuari berriro Erregio edo Gutxiengoen Hizkuntzen Europako Itunak ezartzen dituen betebeharren inguruan.

Erregio edo Gutxiengoen Hizkuntzen Europako Ituna 2001eko abuztuaren 1ean jarri zen indarrean, eta ordutik, Estatuak hartutako konpromisoen lau ebaluazio-prozesu izan ditu.

Berriki batzordeak plazaratu duen txosten honetan, hezkuntza hirueledunak tokiko hizkuntzen babes eta sustapenaren kalterako ez izatearen gomendioa ematen da. Honen inguruan Garbiñe Petriati Behatokiko Zuzendariak Nafarroako egoera ekarri du gogora “irakaskuntzan euskara zokoratzen den bitartean ingelesezko programak inposatu baititu Nafarroako Gobernuak”.

Bestalde Petriatik azaldu duenez “laugarren monitorizazioko gomendio eta ondorio nagusiek bat egiten dute Behatokiak azkeneko hiruzpalau Urteko Txostenetan adierazi dituen ondorioekin”.

Europako Ministroen Batzordeak egin berri dituen azken gomendioen artean Justiziaren eremukoak ere azpimarratu ditu Petriatik: “Estatuari espresuki eskatzen dio marko juridikoa aldatzea bai eta justizia administrazioan hizkuntza ezagutzen duen langile proportzio egokia izateko neurri legal eta praktikoak hartzea”.

Estatuko administrazioan hizkuntza ofizialei toki egokia bermatzeko legea betetzeko eta neurri praktikoak hartzeko da beste gomendioetako bat. Petriatiren ustez “horrek erakusten du zerbitzu publikoetan gurea bezalako hizkuntzak erabiltzeko dauden gabeziak”.

Zerbitzu publikoetan, bereziki osasun zerbitzuetan, hizkuntza koofizialen presentzia bermatzeko neurriak hartzeko eskatzen die laugarren gomendioan. “Tamalez, azken urtetan Behatokiak agerian jarri duen errealitatea baieztatzen du gomendio honek” adierazi du Petriatik, “Oinarri-oinarrizko zerbitzua izanik ere, herritarrak erdaraz egitera behartuak daudela ondorioztatu baitu behin eta berriro”.

Nafarroaren kasuan, hezkuntzari dagozkion elementuetan “deigarri egin zaigu atalez atal ebaluatzea eta Helduen Euskalduntze Alfabetatzeaz ezer ez esatea euskaltegientzako diru-laguntzak erabat desagertu direnean” adierazi du Behatokiko zuzendariak. Gauza bera gertatzen da hedabideen sustapenerako laguntzarik ezaren inguruan.  

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!