TRWko langile batzordea: "Enplegua lehenbiziko lerroan jarri nahi dugu, negoziatu nahi dugu"

Euskalerria Irratia 2016ko urtarrilaren 22a

Argazkia: David Markalain, Pello Argiñarena (kazetaria) eta Pedro Larrea.

TRW Langile Batzordeko David Markalain eta Pedro Larrea gurean izan dira, Metropoli Forala saioan. "Enpresak jarri ditu mahai gainean bere datuak, guk merkataritza erregistrokoak: 100 milioi euroko irabaziak dauzka", salatu dute.

Enpresak dio "etorkizuna ziurtatzeko" proposatu duela 250 lagun kaleratzea. Markalainek eta Larreak, haatik, aitzakiatzat hartu dute argudioa. "Enpresak nahi duen 'egia' da hori, baina guretzat ez da egia".

"Langileen aurka" aritzea leporatu diote TRWri, halaber, eta azpijokotan dabilela argi eta garbi sumatu dute. "Nahiz eta etsai handia izan, gu, langileak, asko gara".

Nafarroako Gobernua, alde

Nafarroako Parlamentuko osoko bilkuran izan ziren atzo TRWko langile batzordeko ordezkariak. Manu Aierdi presidenteordeak etorkizun beltzari argia eman zion: "Volkswagenek aurreikusia duen auto berriko pieza TRWk egiteko aukera bada". Zirrikitu berri bat ireki du, beraz, exekutiboak.

"Harrera ona" egin diete gobernuko kideek, Markalainek eta Larreak esan dutenez, eta Ayerdik botatako proposamenari erantzuna eman diote: "Inportantea da Volkswagen inplikatzea".

Hitzarmena helburu

"Derrigortu gabe lan hitzarmen bat egitea". Horra langile batzordearen helburua, gurean jakinarazi dutenez. "Enplegua lehenbiziko lerroan jarri nahi dugu, negoziatu nahi dugu, irtenbideak ditugu, baina irtenbideak izateko produktuak behar ditugu. Jarri produktuak mahai gainean eta orduan hitz egingo dugu"

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!