Itxaropen zirrikitua TRWko langileentzat

Euskalerria Irratia 2016ko urt. 22a, 09:01
TRW lantokiko langileek pankarta zabaldu zuten atzo Nafarroako Parlamentuan. Arg:@podemosnavarra

Nafarroako Parlamentuko osoko bilkuran izan ziren atzo. Manu Aierdi presidenteordeak etorkizun beltzari argia eman zion: "Volkswagenek aurreikusia duen auto berriko pieza TRWk egiteko aukera bada".

Manu Aierdi presidenteorde ekonomikoarekin hitz egin zuten atzo TRWko langileek: "Volkswagenek aurreikusia duen Polo berria egiteko pieza TRWk egiteko aukera aztertzen ari gara". Aierdik esan zien, Volksageneko zuzendaritzarekin ari dela hizketan. "Aukerak badaude Polo berriak behar dituen piezak TRWk egin ahal izateko", helarazi zien. Itxaropena bai, bada, baina zuhurtziaz jokatu behar dela ohartarazi zuten langileek.

Nafarroako Parlamentuan izan ziren atzo TRWko langileak. Irtenbidea eskatu diote Gobernuari. Pankarta bat ere zabaldu dute eta adierazi diete 620 familiaren etorkizuna dagoela jokoan.

David Markalain enpresa komiteko Comisiones Obreras sindikatuko ordezkaria da. Kontent daude alderdi politikoengandik jasotako harrerarekin. Bien bitartean, 100 langile inguru adi-adi entzuten ari zirela, eskutitzak jaso zituzte etxean. Pedro Larrea LAB sindikatuko ordezkaria da enpresan eta bere ustez, mehatxuak dira eskutitz horiek.

Osoko bilkuran, Carlos Couso Podemos-Ahal Duguko parlamentariak galdera egin dio Manu Aierdi ekonomia kontseilariari. Jakin nahi zuen, egia ote zen 200.000 euro bideratzeko asmoa zuela Gobernuak TRWrako eta zuzendaritzarekin bildua ote zen lehenago Gobernua.

Manu Aierdik erantzun dio, baietz, abenduan eta urtarrilean bana bilera egin zituela TRWko zuzendari-gerentearekin. Zuzendaritzak adierazi zion garai hartan, aldaketa sakonak eginen zituela Landabengo lantokian. Hori entzutean, lan erregulaziorik egiteko asmorik ote zuen galdetu zion Aierdik baina ez zuen erantzunik jaso. Enpresak eta bereziki Iruñeko lantokian galerak zituela onartu zuen zuzendaritzak eta Nafarroako Gobernuak inbertsio politikak ba ote zituen jakin nahi izan zuen. Baiezkoa eman zion, esanez, enpresen inbertsioen %10 hartzen duela Gobernuak bere gain, betiere gehienez 200.000 euro. Baina ez zion esan, TRWri emateko asmorik bazela.

Aierdik amaitu du esanaz, lehentasuna dela Gobernuarentzat orain TRWko langileekin gertatzen dena eta esfortzu guztia jarriko duela horretan. Irtenbiderik onena bilatzen saiatuko da eta ahalik eta langile gutxienari eragiten.

Lau orduko lanuztea izan zuten atzo lantokian. Datozen egunetarako ere ildo horrekin segituko dute. Mobilizazioak, bilkurak eta agerraldiak.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!