Landabengo TRW enpresak 250 langile kaleratu nahi ditu

Euskalerria Irratia 2016ko urtarrilaren 19a

Automozio enpresako zuzendaritzak gaur jakinarazi die erabakia langile batzordeari; zabalik mantentzeko neurri gisa aurkeztu du.

Iragarpen okerrenak bete dira. 600 behargineri Enplegurako Erregulazio Espedientea irekiko diela esan du, eta horietatik 250 botatzeko xedea dauka, gainera. Orotara 620 langile daude. Ildo beretik, geratzen diren horiei lana 2018 arte baino ezin diela ziurtatu azpimarratu du.

Gogorrak dira neurriak. Kaleratzeez gain, baldintzek okerrera eginen dute: antzinatsuna murriztuko diete, soldatak izoztuko dizkiete eta "80 orduko malgutasun poltsa" ezarriko dute, besteak beste.

Enpresa Batzordeko kideek Nafarroako Gobernuaren esku hartzea eskatu, eta neurria "basatia" dela ziurtatu dute. Ordezkaritza duten sindikatuak biltzen ari dira, greba mugagabea eginen duten ala ez erabakitzeko. Enpresak "etorkizuna ziurtatzeko" proposatu duela esan du.

Gaur hasi dira negoziatzen enpresa eta langilea, eta 30 egunen buruan hartu beharko dute behin betiko erabakia. 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!