Euskal Tonbolaren Megasariaren banaketa ekitaldia egin zuen Kontseiluak, Martin Ugalde Kultur Parkean urtarrilaren 4an. Jonathan Valdivielso abaltzisketarrak jaso du lehen aldiz eman den saria. Kontseilutik azpimarratu dutenez “Bere ekarpenaren eta berea bezala milaka euskal herritarren ekarpenari esker egiten du lan euskalgintzak euskararen normalizazioan urratsak ematen.” Honekin batera euskararen normalizazioak denon energia behar duela nabarmendu dute Megasariaren banaketa ekitaldian.
“Energia mugimenduan” izan da Euskal Tonbolaren aurtengo lema eta proiektuari izana ematen diona, Kontseilutik azaldu dutenez: “Energia” aldakuntzak eragiteko ahalmenari esleitzen zaion kontzeptu zientifikoa da. Aldakuntzarako ahalmena ematen dio, bada, herritarrak euskararen mugimenduari. Mugimenduari energia emanez, energia mugimenduan jartzen dugu, zuk, nik, guztiok, euskal tonbolako txartela eskuratzean.”
Lehen aldia da Euskal Tonbolak Megasaria banatzen duena. 2015eko edizioaren berrikuntzetako bat izan da. Euskaraz bizi nahi dut esaldia osatu behar zuten txartelen erosleek eta ondoren zozketan parte hartzeko esaldi osatua bidali. Abenduaren 30ean egin zen zozketa notario aurrean. Abaltzisketako Jonathan Valdivielsok bidalitako gutunetako bat izan zen sariduna. Sandero autoa, hilero 400 euroko erosketa saski bat, Scotter motorra, Kariberako bidaia, kruzeroa eta abar luze bat jaso ditu.
Valdivielsok esan zuen gustuko duela Euskal Tonbolaren proiektuan parte hartzea, are gehiago, nabarmendu zuen guztion indarra, energia beharrezkoa dela urratsak eman ahal izateko eta 2016ko Euskal Tonbolaren edizioaren zain dagoela gehitu zuen.
Ekitaldian, Kontseiluko zein Behatokiko ordezkariek, herritarrek Euskal Tonbolan egiten duten inbertsioari esker euskalgintzak egin dezakeen lanaren ale batzuk azaldu dituzte, izan ere, ezinezkoa litzateke herritarren laguntza hori gabe egiten diren lan horiek burutzea. Adibide batzuk jarri dituzte ekitaldian bertan.
Iñaki Lasak, Kontseiluko ildo politiko instituzionaleko arduradunak apirilean Anaitasunan egindako ekitaldia aipatu zuen. Bere aldetik, Maite Indak, ildo sozialeko arduradunak euskaraz bizi nahi dut dinamikaren pean egindako ekimenak ekarri zituen gogora eta Garbiñe Petriati, Behatokiko zuzendaria ekarpen honen garrantziaz mintzatu zen.
Euskal Tonbolarekin elkarlanean dabiltzan saltzaile guztie ere eskertza egin nahi izan zieten sariaren emate ekitaldian. Tabernarien izenean, Iruñeko Kalixto tabernako ordezkariak euskararen normalizazioan ekarpena egitearen garrantziaz hitz egin zuen.
Bukatzeko, Euskal Tonbolako kide Mikel Aznarrek azaldu zuen jada 10 urte direla Euskal Tonbola antolatzen dela. “Urte hauetan guztietan ilusio handiz aritu gara. Eraikitzailea izan nahi duen bide oro ilusioz egin behar dela uste dugulako. Milaka eta milaka lagunek osatzen dugu Euskal Tonbolaren familia handi hau. Txartela bakoitzaren atzean pertsona bat dagoelako, ilusio bat, emozio bat, helburu bat, atxikimendu bat. Horri esker egiten dugu aurrera”, esan zuen.