Nafarroako Parlamentuko Mahaiaren eta Eledunen Batzordearen ezohiko bilera izan zen atzo. Gai bakarra izan dute mahai gainean, adierazpen instituzional bat Espainiako Gobernuaren jarrera eta jokaera "errefusatzeko". Geroa Baik, EH Bilduk, Ahal-Duguk, PSNk eta Izquierda-Ezkerrak. Zertara dator adierazpen hori? Bada, joan den astean Espainiako Gobernuak errekurtsoa jarri zuen Auzitegi Konstituzionalean foru lege bati: eskuin muturreko taldeek eta poliziek eragindako indarkeriaren biktimen foru legeari hain zuzen ere.
Hamazazpigarrenez egin du Espainiako Gobernuak Nafarroako legeen aurka. Behin baino gehiagotan eta baita oraingoan ere parlamentuko gehiengoak PPri leporatu dio Konstituzionala "politikoki" erabiltzea legebiltzarraren borondatearen gainetik jauzi egiteko. Jarrera hori errefusatzeaz gainera, konpromisoa agertu dute talde horiek "auzi horretan Nafarroari dagozkion eskubideen defentsa juridikoa egiteko". Erabaki horrek legeak aitortutako biktimei eragiten ahal die baina, parlamentuak konpromisoa hartu du "biktima horien aitortzaren eta erreparazioaren alde". Nafarroako Gobernuari urrats bera egiteko eskatu diote. UPNk eta PPk aurka bozkatu dute.