1936an fusilatutako 7 bizilagunen arrastoak aurkitu dituzte Iberon

Euskalerria Irratia 2015ko abe. 9a, 08:20
Iberon ari dira indusketa lana egiten.

Indusketa lanak Zurbau inguruan egiten ari dira. 20 bat lagun fusilatu eta bertan lurperatu zituztela uste dute.

Aranzadi Zientzia Elkartea indusketak egiten ari da Iberon, 1936ko kolpe militarraren ostean fusilatu eta hobiratu zituzten herritarrak bilatzeko xedez. Gutxienez, zazpi pertsonaren arrastoak aurkitu dituzte. Zurbau parajean egiten ari diren lanak beste bost egunez luzatuko ditu Aranzadik. Toki horretan 25 eta 30 bizilagunen gorpuzkiak egon daitezkeela uste dute. 1978an, Larragako herritarrek hogei bat gorpu aurkitu zituzten bertan. Oraingoz, lau gorpu osorik aurkitu dituzte.

Gorpuak hobitik ateratzeko lanak Nafarroako Gobernuak emandako laguntzen barnean egiten ari dira, Bakearen, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Zuzendaritza Nagusiak Aranzadi Zientzia Elkartearekin, Nafarroako Fusilatuen Senideen Elkartearekin, 'Amapola del Camino' Memoriaren aldeko Nafarroako Herrien Koordinakundearekin, Oltza Zendeako ordezkariekin eta senideekin beraiekin egindako bilkuren ondoren.

Larunbatean hasi ziren lanak eta orain arte zazpi gorpuzki aurkitu dituzte metro bateko sakoneran. Iruñeko hamaika bizilagun, Garesko sei, Obanosko beste sei, Uharte Arakilgo hiru, Berbintzanako bi eta Ondarroako beste bat lurperatuta daudela uste da.

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!