Gizon bat hil eta beste hiru zauritu dira lan istripuan

Euskalerria Irratia 2015ko aza. 26a, 08:30
Dantxarinean izan da lan istripua. Arg: eitb.eus

Urdazubin izan da ezbeharra. Saltoki bat eraikitzen ari ziren. Dantxarineko merkataritza gunean jazo da istripua. Salatu dute eraikina egiteko lanek ez zutela baimenik

Eraikinaren sabaia behera erorita harrapatuta gelditu dira langileak. Gizonezko bat hil egin da eta hiru zauritu, horietako bi larri daude. Saltoki berri bat eraikitzen ari dira han duela hainbat astetatik, eta, langileak teilatuaren gainean beharrean zeudela, bigarren solairuko sabaia gainera erori zitzaien. Hondakinen artean harrapatuta geratu ziren gehienak, eta, horietako bat atera ahal izateko, gunea itxi behar izan zuten. Hasieran desagertutzat jo zuten, baina hilotz aurkitu zuten geroago; 47 urte zituen. Larri zauritutako beharginetako bat ere hondakinen artean harrapatuta geratu zen atzoko istripuan; suhiltzaileek, ordea, onik ateratzea lortu zuten.Guardia Zibila ari da istripuaren nondik norakoak ikertzen, eraikina zer dela-eta amildu zen argitzeko; oraingoz, baina, polizia iturriek ez dute zehaztu hildakoa eta zaurituak nortzuk eta nongoak diren.

Udala ohartarazita zegoen lizentziarik gabe aritzeak eragin zezakeenaz. Berehala erantzun dio Santiago Villares alkateak, eta ukatu egin du eraikina egiteko lanen lizentzia baliogabetua dagoela. "Behar bezala, legezko baldintza guztiekin eman da baimena".

Ezohiko bilkura Urdazubin

"Lan istripuak ez dira kasualitate hutsa; langileen segurtasunaren eta osasunaren gainetik enpresen irabaziak lehenesten dituen eredu honen ondorio dira", ELAren arabera. Sindikatuek, Urdazubi Elgarrekin taldeak eta udalak babesa eta elkartasuna agertu diete atzo hildako langilearen senideei eta lankideei. Eta goizeko istripua dela eta, ezohiko udalbatzara deitu zuen udalak atzo iluntzerako.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!