2010ean Altsasuko Gamesa enpresa itxiarazi zuten. Nahiz eta irabaziak bazituen enpresa horrek, 150 langile kale gorrian utzi zituen goizetik gauera. 79 birkolokatu zituen baina beste 71 lanik gabe utzi zituzten. Kaleratzeak legez kanpokoak zirela salatu zuten garai hartan langileek. Baita zenbait sindikatuk ere, tartean ELA eta LABek. Babes sozial handia izan zuten langileek, elkartasun oldea izan zen Sakanan bereziki.
ELA sindikatuak aurrera pausoa ematea erabaki zuen. Epaitegietara jo zuten babes eske, eta iritsi zaie babesa. Babesa eta arrazoia. Izan ere, ELA sindikatuko Gorka Vierjek azaldu du kaleratze prozesua gaizki egikaritu zuela Gamesak.
"Historikoa da sententzia hori", azpimarratu du Vierjek. "Sekula ez zuen halako erabakirik hartu ez Auzitegi Gorenak ez eta Nafarroako epaitegiak ere", gaineratu du. Eta Gamesa oker ibili zela gogorarazteaz gainera, garai hartako Gobernuak enpresaren alde jokatu zuela ere agerian geratzen dela uste du ELA sindikatuak.
Kalte ordainik handiena
Enpresak kaleratutako langileak berriz hartu beharko lituzke. Altsasuko fabrika dagoeneko ez da existitzen baina. Hortaz, halakorik egin ezean, kaleratze bidegabe batengatik kalte ordainak ordaindu beharko dizkiete.
"Egun gazi gozoa da gaurkoa", esan du Vierjek. Garai hartan Altsasuko Gamesa lantegian lanean zirenentzat pozgarria da albistea, baina, urte latzak izan dira azken bost hauek haientzat. Epaitegietatik arrazoia eman diete, baina, 2010ean krisi garaian, Sakanak egoera larria bizi zuen. Kaleratze haiek min are handiagoa eragin zuten zonaldean.