Ekimen militarrik ikastetxeetan ez sustatzeko eskatu du Parlamentuak

Euskalerria Irratia 2015eko azaroaren 20a

Ikastetxeetan behin baino gehiago ikusi dira irudiok. Arg: ferransala.com

UPN, PSN eta PPk ez diote babesik eman proposamen horri baina mozioa aurrera atera da gainerako alderdien babesarekin.

Nafarroako Parlamentuko osoko bilkurak "ikastetxeetan erakunde militarrek eta segurtasun indarrek abian jarri dituzten ekimenak bertan behera uzteko" eskatu dute mozio batean. "Hezkuntzan garatzen diren bake eta elkarbizitzaren baloreak ez ditu aintzat hartzen ekimen militarrak" nabarmendu dute. Geroa Baik, EH Bilduk, Podemos-Ahal Duguk eta Izquierda-Ezkerrak onartu dute mozio hori, ez ordea, UPN, PSN eta PPk.

"Ez Nafarroako ikastetxeetan ez eta Nafarroko ikasleekin ere". Ekimen militarrekin zerikusia duten ekitaldiak bertan behera uzteko eskatu dute mozioan. Horretarako, Espainiako Gobernuari eta Nafarroan duen ordezkaritzari eskatu diete "beharrezkoak diren neurriak hartzeko eskaera hori bete dadin".

Nafarroako Gobernuari eskatu diote modu berean "ziurta ditzala halako ekimenak bertan behera gelditzen direla". Izan ere, mozioa aurkeztu duen taldeak, EH Bilduk uste du, ez duela inolako balorerik erakusten eta ez duela bat egiten bakearen eta elkarbizitzaren arloarekin.

Haurrak eskuetan armak zituztela

Citruenigoko ikastetxe batean hartutako argazki batek harrotu ditu hautsak. Iaz, Guardia Zibila izan zen ikastetxe hartan. Aipatu argazkian, haurrak ageri dira Guardia Zibilen armak eskuetan dituztela. Nafarroako Parlamentuan aurkeztu berri duten mozioaren harira, esan dute, Nafarroan ezin dela ontzat hartu beste zenbait herrialdetan onartezinak diren ekimenak. Frantzian esaterako, ezin onartuzko jokaera da.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!