'Mozal legea' urratzeagatik abisua jaso du Ahotsa.infok

Euskalerria Irratia 2015ko aza. 17a, 08:10
Kazetariek aurretik ere egin dituzte protestak adierazpen askatasunaren alde. Arg:kazetaritzaezdadelitua.info

Carmen Albaren gutuna jaso du Ahotsa.infok. Poliziak komunikabidearen aurkako salaketa jarri ostean "baimenik gabe irudiak grabatzea" egotzi dio .

Espainiako Gobernuak Nafarroan duen ordezkari Carmen Albak  bidalitako gutun bat jaso du Ahotsa.info hedabideak. Aurtengo sanferminetan Poliziak egindako sarekada baten inguruko albistea du oinarrian oharrak. "Baimenik gabe irudiak grabatzea" egotzi diote Ahotsa.info atariari. Poliziak komunikabidearen aurka salaketa jarri zuen uztailean. "Agenteetako batzuk ezagutzeko moduan" ageri zirela argudiatu zuten. Horregatik, mozal legea urratu izanaz eta horren ondorioez ohartarazi die Espainiako Gobernuak Ahotsa.info-ko kazetariei. "Arau urratze larria" egin zuten uztailean, lege berri horren artikulu baten arabera.

Poliziaren datuak eta irudiak baimenik gabe erabiltzeagatik zehaztutako isunak 601 eta 30.000 euro artekoak dira. Halakorik berriz ere ez egiteko aholkatu dio Albak Nafarroako komunikabideari.

Mahai ingurua mozal legearen inguruan

Gertatutakoaren harira, mahai ingurua eginen dute Iruñean, mozal legea-ri buruz. Paz Frances NUPeko zigor zuzenbideko irakasleak, Zigor Olabarria Eleak-eko kideak eta Axier Lopez Argia-ko kazetariak hartuko dute parte. Heldu den ostegunean izanen da 19:00etan Kondestable jauregian.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!