Ainhoa Aznarez parlamentuko presidenteak bost puntuko mozioa aurkeztu du Parisko atentatuak gaitzesteko. Bertan, besteak beste, elkartasuna adierazten diete paristarrei, eta "inolako arrakalarik gabe" gaitzesten ditu atentatuak. Alderdi politiko guztien babesarekin onartua izan da.
Bere aldetik EH Bilduk beste mozio bat aurkeztu du eta hau onartua izan da aldaketaren gobernuaren lau alderdien aldeko botoekin. Mozio horren bidez nabarmendu dute Parisko herritarren mina munduko beste edozein tokitako herritarren minaren parekoa dela. Hala, erantsi dute atentatuei eman beharreko erantzunean ezin dela giza eskubideen urraketerik izan. Modu berean testu honen bidez armen salmenta salatu dute.