Oier Lakuntza eta Andrea Irisarri, Gazteria Sarien irabazleak

Euskalerria Irratia 2015eko azaroaren 12a

Oier Lakuntza (Argazkia: Argia) eta Andrea Irisarri (Argazkia Twitter)

Yoar elkarteak eta Haritz-Berri fundazioak egin diete aitorpena; abenduaren lehenean emanen dizkiete sariak, Nafarroako Eguna ospatzeko ekitaldien barnean.

Oier Lakunzak Gazteen Balioaren saria jasoko du, Andrea Irisarrik Boluntario Gazte Solidarioarena, Yoar Gazte Elkarteak Partaidetza Sozialarena eta Ilundain fundazioak Entitate edo Erakundearen saria.

Hala erabaki du gaur goizean Nafarroako Foru Komunitateko Gazteria Sarien Aholku Batzordeak. Sarituek egindako lanaren aitorpen soziala sinbolizatzen dute sari horiek, diploma baten bidez eta 2016an Gazteriari lotuta Nafarroa Gobernuak antolatutako ekitaldi ofizialetara joateko gonbidapena.

 

Oier Lakuntza eta Andrea Irisarri, Gazteen Balioak

Gazteen Balioaren sariak 14 eta 30 urte arteko Nafarroako gazteak aitortzen ditu, gizarte modernoetako balioekin lotura handiko ibilbide pertsonala dutenak (elkartasuna, ahalegina, lana, tolerantzia, kultur artekotasuna, nazioarteko mugikortasuna, bizitza osasungarria…), eta Nafarroako gazteentzat erreferentziak direnak.

Hala, Gazteen Balioaren saria Oier Lakuntzak eskuratu du (Iruñea, 1985). 5 urterekin, Wolfram sindromea diagnostikatu zioten, diabetesa sortzen duen gaixotasun bitxi eta endekapenezkoa, eta ikusmen, entzumen eta usaimena ez izatea eragotzi diona. Kimika ikasketak egin ditu Nafarroako Unibertsitatean, eta bere promozioko bigarren nota onena lortu du. Kimika Kuantika edo Teorikoan eta Konputazionalean ere doktoretza du Euskal Herriko Unibertsitatean, Kazetaritza Zientifiko eta Komunikazioak master bat UHUNen, eta doktoretza ondoko ikasketa egin du Ikerketa Zientifikoko Kataluniako Institutuan (ICIQ). Bere ibilbide profesionalean, dibulgaziozko programa batzuetan kolaboratu du Euskalerria Irratian, artikulu zientifikoak argitaratu ditu nazioarteko aldizkari ospetsuetan eta bertsolaria ere bada.

Bestalde, Andrea Irisarrik Balio Solidarioaren saria lortu du. 2013. urtetik, Kiberako aldiri batean dagoen Kibera Pride GKE sustatu du. Nairobin, Kenyan dago, eta bertan eskualdeko haur ahulenen bizitza aldatzea xede duen etxe/umezurztegi bat sortu du, etxe bat eta hezkuntza eskainiz.

Yoar Gazte Elkartea, Partaidetza Sozialaren saria

Aitorpen horrek Nafarroan inskribatutako talde edo elkarte bat nabarmentzen du. Gazteriaren partaidetzako ekintzen ibilgailu izatea baloratzen da, jarduera-maila handiarekin, eta bere partaidetza bermatuko duena Foru Komunitatearen garapen politiko, sozial, ekonomiko eta kulturalean.

Yoar haur-gazteen elkarte bat da, eta Milagrosa nahiz Azpilagaña Iruñeko auzoetan egiten du lan. Hainbat behar eta interesetako adingabeekin lan egiten du, giro integratzaile batean, parte-hartzaile eta familiaren arteko elkarbizitza sustatuz. 1996an sortu zenetik, honako hauek sustatzeko ekintzak eskaintzen ditu: sormena, erantzukizuna, taldeko lana, tolerantzia, elkartasuna eta haur nahiz gazteen autonomia, aisialdia aberastasun eta irakasteko baliabide modura erabiliz, bai eta hazteko aukera modura ere.

Elkarteak jarduera asko eskaintzen ditu euskaraz eta gaztelaniaz, eta eskolako ikasturtean, udan nahiz Eguberrietan egiten dituzte beren boluntario-taldearen eskutik.

Ilundain Haritz-Berri fundazioa, Entitate edo Erakundearen Saria

Sari hau izaera juridikoa Nafarroan duen eta bertan kokatutako erakunde, entitate (publiko edo pribatu) edo toki-erakunde bati ematen zaio, gazteen alde egindako lanean nabarmentzen direnak, eta honako hauek sustatzen dituztenak: gazteen partaidetza soziala, autonomia edo bizi-kalitatea; beren jarduera bereziki gazte nafarrei begira egiten dute, gainera.

Aurtengo edizioan, Ilundain Haritz-Berri fundazioa saritu da, irabazi-asmorik gabeko erakundea, interes sozialekoa izendatua; haren helburu nagusia arrisku-egoeran, zailtasunak edo gatazka sozialean dauden gazteak gizarteratu eta lan-munduratzea da.

1984an hasi ziren lanean Burlatako San Blas parrokiko zenbait pertsonak emandako bultzadari esker, Eugenio Lecumberri buru zela. Harrezkero, eta gaur arte, 2.500 gazte baino gehiago izan dira beren programetan. Lan sozial horri ingurumeneko hezkuntzaren sustapenean egindako lana gehitu behar zaio Abeletxe Eskolako programa baten bidez; azken hori, Nafarroako eta alboko beste autonomia erkidego batzuetako ikasleentzat da. Programa hori 1987an sortu zenetik, instalazio horietan 110.000 bisita baino gehiago jaso dituzte.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!