Lan deialdiaren proiektua euskaldunen mesedetan "desorekatua" dagoela uste du Izquierda-Ezkerra alderdiak eta hortaz, ez duela egungo errealitatea errespetatzen. Podemos-Ahal Duguko eledunek diskurtso leunagoa erabili zuten atzo Jose Luis Mendoza Hezkuntza Kontseilariarekin batzartu ostean. Akordio programatikoa sinatu duten lau alderdiekin izan zen Mendoza, Geroa Bairekin, EH Bildurekin, Podemos-Ahal dugurekin eta Izquierda-Ezkerrarekin. Ahal duguko eledun Tere Saezek esan zuen bileraren ostean gaizki planteatutako lan deialdia izan dela baina ona dela deritzo deialdia egitea. "D eredurako postuak murriztu ordez, gaztelaniazko gehiago behar dira", aldarrikatu du Saezek. Gaineratu du alderdiak ratioak eta eskola orduak jaitsita, gaztelaniazko lanpostu batzuk gehiago eskaini ahalko liratekeela.
Ezkerraren jarrera ez da aldatu Mendozak deialdiaren berri ostiralean eman zuenetik. Marisa de Simon parlamentariaren ustez, lan eskaintza «onartezina» da, egungo behin-behineko irakasleen %70ek ez dakitelako euskaraz. «Kontseilariaren argudioek ez gaituzte gogobete. Ez dago justifikaziorik lanpostuen banaketa hori egiteko».
Geroa Baiko kide Maria Solanak onartu du lan eskaintza publikoaren berri emateko modua ez zela onena izan, baina Ezkerra eta Ahal Duguren jarrera kritikatu du, "jendaurrera protesta egitera atera aurretik ez direlako gai izan ez informatzeko, ezta kontseilariarekin edo itun programatikoko beste alderdiokin batzartzeko ere".
EH Bilduko parlamentari Miren Aranoaren esanetan, proposamenaren akatsa "formari dagokio, eta ez funtsari". PAI programari egotzi dio Aranoak orain gertatzen ari denaren ardura: "PAI programa hain arduragabeki sustatu zutenek eragin dute arazoa; hau da, irakasle elebakar gehiegi daudela, eta, ondorioz, tokiz aldatu beharko direla".