Bilera egin du Mendozak gobernuko alderdiekin, Hezkuntzako lan deialdia eztabaidatu eta krisia konpontzeko

Erabiltzailearen aurpegia Berria 2015ko aza. 10a, 12:46

Argazkia: Legebiltzarreko Mahai eta Eledunen Biltzarra, aurreko lan saio batean. Villar Lopez, EFE

Kontseilariaren azalpenek giroa goxatu dute Geroa Bai, EH Bildu eta Ahal Dugu-ren artean. Ezkerrak bere horretan segitzen du, irakasle berri gehienei euskara eskatzeak "desoreka" eraginen lukeela argudiatuta.

Nafarroako Gobernuko Hezkuntza kontseilari Jose Luis Mendozak bilera egin du gaur goizean gobernua babesten duten lau alderdietako ordezkariekin.
Aurreko astean sindikatuei aurkeztutako lan eskaintza publikoa azaltzea, datu guztiak mahai gainean jartzea eta ikuspuntuak bateratzea zen gaurko lan saioaren helburua, eta krisia konpondu ez bada ere, alderdi bakoitzaren jarrerak argitzeko balio izan du, behintzat.

Maria Solana Geroa Baiko legebiltzarkideak adierazi du bere taldeak bat egiten duela Mendozak aurkeztutako proposamenarekin, datu objektiboetan oinarritzen delako: "Datuak hor daude eta eman zaien perspektibarekin bat egiten dugu, baita justifikazioarekin ere". Solanak onartu du lan eskaintza publikoaren berri emateko modua "ez zela egokiena izan", baina Ezkerra eta Ahal Dugu-ren jarrera kritikatu du, "jendaurrera protesta egitera atera aurretik, ez direlako gai izan ez informatzeko, ezta kontseilariarekin edo itun programatikoko beste alderdiokin batzartzeko ere".

EH Bilduko Miren Aranoak ere ontzat eman du goizeko bilera. "Pozik atera gara, jarrerak argi gelditu direlako".

Haren esanetan, lan eskaintzaren proposamenaren akatsa "formari dagokio, eta ez funtsari". Mendozak aurkeztutako datuak objektiboak direla azpimarratu du Aranoak, eta PAI programen ezarpen "burugabeari" egotzi dio orain gertatzen ari denaren ardura: "Argi dago PAI programa hain arduragabeki sustatu zutenek eragin dutela arazoa; hau da, gaztelaniazko irakasle elebakar gehiegi daudela, eta ondorioz, tokiz aldatu beharko direla". Aranoarentzat, eztabaida gaizki enfokatua egon da hasieratik: "Hau ez da hizkuntza ereduen arteko gerra, kalitatearen aldekoa baizik".

Ahal Dugu-rentzat, bale; Ezkerrarentzat, kale

Ahal Dugu-ko legebiltzarkide Tere Saezen adierazpenetan, berriz, ñabardurak suma litezke, bere alderdiak atzo plazaratutako jarrerarekin alderatuta. Izan ere, LEParen prozesua "gaizki" eta "era traketsean" planteatu zela nabarmendu duen arren, lan eskaintza aurrera ateratzeko konpromisoa berretsi du, "behar larria delako".
"Informazio osoa eskuartean izan gabe egin da prozesu hau, eta hori ez dago ongi; baina egia da PAI programaren garapena izan dela langile elebakarren bazterketa eragin duena", esan du bileratik ateratzean.

Ezkerrak, azkenik, bere jarrerari eutsi dio, eta proposamena erretiratzeko exijitu dio Hezkuntza kontseilariari. Marisa de Simon parlamentariaren aburuz, lan eskaintza "desorekatua" da, egungo behin-behineko irakasleen %70ek ez dakitelako euskaraz. Legebiltzarrak ostegunean eginen duen osoko bilkuraren zain daudela gaineratu du De Simonek: "Kontseilariak han emanen dituen azalpenak entzunen ditugu, eta horren arabera, erabakiak hartuko ditugu, arazoa konpontzeko".

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!