Estatuaren indarkeriaren biktimak irainduta sentitzen dira Ziudadelako erakusketarekin

Euskalerria Irratia 2015eko urriaren 23a

Poliziaren indarkeria pairatutako herritarrak Arartekoarekin bildu dira.

Arartekoarengana joan dira poliziaren indarkeria jasan duten biktima eta senitartekoak. Espainiako poliziaren erakusketa galarazteko eskatu diote Javier Enerizi.

Minduta sentitu dira gaur Arartekora joan diren herritarrak. Minduta ez ezik, gutxietsita eta irainduta sentitu dira. Poliziaren indarkeriari apologia eginen diote, non eta eraikin publiko batean. Horrexek mindu ditu. Poliziaren indarkeria pairatu dute gaur Arartekoarekin bildu direnek. Eta beraiek ere biktima direla gogorarazi dute.

Lekukotasun ugari

Hamazazpi urterekin Mikel Iribarreni kolpeak eman zizkion Espainiako polizia batek manifestazio batean. Kolpeak, lurrera erortzera arte. Lurrean zelarik ere poliziak kolpeka segitu zuela gogoratu du gaur. Nahiz eta urte batzuk joan diren ordutik, zauri nabarmenak ditu aurpegian.

1978an poliziaren jazarraldi baten ondorioz hil zen German Rodriguez. Haren anaiak esan du irainduta sentitzen dela erakusketa horrekin. Uste du, ez dutela eskubiderik halako erakusketa egiteko hemen Iruñean.

Carlos Otxoa, Ahaztuak kolektiboko kidea da. Memoria historikoa lantzen dute. Orain Jose Luis Canoren kasua aztertzen ari dira. Poliziaren eskuetan hil ote zen ikertzen ari dira.  Duela 38 urte Iruñeko Alde Zaharrean izan ziren istiluetan tiroz hil ote zuten frogatu nahi dute.

Ahaztuakeko kide Carlos Otxoak esan du, poliziaren eskuetan hiltzen direnen kasuak, ez dira kasu bakanak, askotan ematen da poliziaren bortizkeria. Eta gogoratu du, krimen horiek zigorgabe geratzen direla.

Berriki gertatutako beste lekukotasun bat ere badugu. Aingeru Zudairerena. Duela hiru urte, greba orokorreko manifestazio batean poliziak 14 metrora jaurtitako pilotakada batek begian jo zuen. Begi bateko ikusmena erabat galdu du. Zudairerentzat ere errespetu falta da erakusketa hori baimentzea.

Erakusketa ez egiteko eskaria

Arartekora jo dute poliziaren indarkeriaren biktimek. Galdera eta eskakizun bana eraman dizkiote. Alde batetik, Javier Eneriz Arartekoaren iritzia jakin nahi dute erakusketa horren inguruan. Eta bestetik, eskatu diote, bere esku dagoen guztia egin dezala erakusketa bertan behera geldi dadin.

Elkarretaratzea ere eginen dute Ziudadelan. Urriaren30ean izanen da arratsaldeko zazpi terdietan. Goiburu argi batekin: Gatazka politikoa, biktima guztiak aitortu. Konponbidea, guztiok garaile.

Erlazionatuak

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!