Erriberako alderdi politiko eta sozialak kezkatuta agertu dira gaurtik aurrera NATOk Bardean eginen dituen maniobra militarrak direla eta. Hortaz, herri-ekimen bat abian jarri dute eta manifestu bat kaleratu dute, maniobrak eta tiro-eremuaren gainean sortutako "giro beltza" salatzeko. "Bardea herritarrena izan behar da. Nafarroako errealitate soziala, politikoa eta erakundeetakoa aldatzen ari da eta Nafarroan gerra praktikak amaitzeko garaia iritsi da", azpimarratu dute agirian.
Geroa Bai, EH Bildu, Podemos eta Equo; Tutera, Corella, Castejon, Cortes, Fustiñana eta Cascanteko herri-hautagaitzak; Bardenas Ya! elkartea, Castejongo Termiken Plataforma, Valtierrako Aisialdi eta Aurrerapen elkartea eta Tuterako Gazteen Asanbladak sinatu dute dokumentua. Adierazpenarekin bat egiteko eta datorren urriaren 25ean Tuteran eginen den manifestazioan parte hartzeko deia egin diete gainerako alderdi politikoei eta eragile sozialei.
Bestalde, Carmen Alba Espainiako Gobernuak Nafarroan duen ordezkariak uko egin dio Foru Parlamentuan NATOk eginen dituen maniobra militarren inguruan azalpenak emateko agerraldia egiteari. "Espainiako Gobernuaren ordezkariok ez gaude behartuta autonomia erkidegoetako Parlamentuetan agerraldiak egitera", nabarmendu zuen, Nafarroako Ganberan azalpenak emateko eskariaren harira.
Erakustaldi militarra
Espainiako Armadaren esanetan, Trident Juncture 2015 izeneko maniobra militarrak NATOk azken 10 urteotan egindako garrantzitsuenak izanen dira. Praktika militarrak Estatu espainolean, Italian, Portugalen, ozeano Atlantikoan eta Mediterraneo itsasoan eginen dituzte. Guztira, 30.000 militarrek hartuko dute parte, eta horietako 20.000 Estatuan izango dira.