Bardeako tiro eremua kentzeko eskatu dio Nafarroako Parlamentuak Espainiako Gobernuari. Legealdiko lehen osoko bilkura izan zen atzo eta Geroa Bai, EH Bildu, Podemos Ahal Dugu eta Ezkerraren parlamentariek babestu dute eskaera hori. UPN, PSN eta PPN aurka agertu dira. Eremua desegiteko eskatzeaz gainera, ariketa militarrak eta bonbardaketak ere bertan behera uzteko galdegin dute. Espainiako armadarenak aritzen da maniobra militarrak egiten eremu horretan eta baita NATOko kide diren gainontzeko estatuetako militarrak ere. Batzuen eta bestetzuen maniobrekin amaitzeko eskaera da, finean. Ez dute nahi hegazkin militarrek Nafarroako aire eremua erabiltzerik.
Mozioak gogora ekarri duenez, azken urteetan tiro eremuarekin lotutako 30 ezbehar larri baino gehiago egon dira. Horietatik bi, azken sei hilabeteetan gertatu direla nabarmendu dute. Hain zuzen, mozioak bigarren parte bat ere bazuen. Bigarren horretan babes zabalagoa lortu dute, PPk baino ez baitu aurka egin. Joan den uztailaren 23an Bardean izandako ezbeharra ikertzeko eskatu diete Nafarroako eta Espainiako gobernuei. Hain zuzen ere, egun hartan tiro eremutik gertu balaz zauritu zuten herritar bat. PPren ustez, Espainiako Defentsa Ministerioak martxan du bere ikerketa.