Javier Esparza da UPNren presidente berria

Euskalerria Irratia 2015ko ira. 28a, 08:03
Javier Esparza da UPNren presidente berria. Argazkia:upn.es

Botoen %57 lortu ditu Esparzak. Urruti izan ditu Amelia Salanueva senataria eta Maria Kutz kontseilari ohia.

Atzo egin zuen UPNk ezohiko batzar orokorra Iruñean presidente berria aukeratzeko. Yolanda Barcinaren kargua hartuko du orain Javier Esparzak, Barcinak abuztuaren 27an kargua utzi behar zuela agindu ostean. Botoen erdiak baino gehiago jaso ditu Espara hautagaiak eta urruti izan ditu beste biak, Amelia Salanueva senataria eta Maria Kutz kontseilari ohia.

Baluarten egin zuen UPNk alderdiaren presidente berria aukeratzeko batzarra. Esparzak aise irabazi du. Kontent lortutako emaitzarekin, eta lehen mezua ere igorri du presidente berriak: "Egun garrantzitsua da, ez bakarrik UPNrentzat baizik Nafarroa osoarentzat". Kongresua antolatzea izanen du orain erronka Esparzak eta aurreratu du udaberrian izanen dela. Zuzendaritza berria eraikitzea izanen da asmoa kongresu horretan eta baita presidentea ere. Ez hori bakarrik, estrategia politikoa zein estatutuak aldatzeko aukera ere jarriko baititu mahai gainean.

Argitu ez duena da, zein jarrera izanen duen UPNk Espainiako hauteskundeetan. Hori bai, UPN bere kasa joatearen alde azaldu da Esparaza, baina baztertu gabe Ciudadanosekin adostasunetara iristea. "UPN gai izan behar da akordioetara iristeko PP, PSOE edo Ciudadanosekin, alderdi horiekin bat datorrelako UPN Estatu ereduari dagokionez".

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!