Gobernua eratzeko akordio programatikoa lotu dute

Euskalerria Irratia 2015ko eka. 30a, 21:38
Nafarroako Gobernu berria eratzeko programaren gaineko akordioa erdietsi dute gaur. Argazkia: @geroabai

Aurreakordioaren zati "mardulena" lortu dutela nabarmendu du Geroa Baiko presidentegai Uxue Barkosek. Modu horretan Nafarroako Gobernua osatzeko aurreakordio bat lortu dute Geroa Baik, EH Bilduk, Ahal Dugu-k eta Ezkerrak. Bihar emanen dute akordio horren edukiaren berri. 

Bihar hasiko dira gobernu akordioa negoziatzen. Uxue Barkosek esan du ez duela alderdi kuotarik nahi, eta gai "estrategikoak" lehenetsi ditu. Gobernu akordio osoa ostiralerako edo larunbaterako egon daiteke. Bihar dena dela emanen dute aurreakordioaren edukiaren berri. Gobernua osatzeko tramitazioa eta, hortaz, presidente berria izendatzeko inbestidura ere uztailaren bigarren hamabostalditik aurrera eginen dute. Sanferminak astelehenean hasiko direla jakinda, festa ondoren egitea erabaki dute.

Geroa Baik, EH Bilduk, Podemos-Ahal duguk eta Izquierda-Ezkerrak goiz eta arratsaldez batzartzen aste batzuk daramatzate. Programa adosteko lanean aritu dira eta desadostasunak albo batean utzita akordioa erdiestea lortu dute.

Uxue Barkosek esan du akordioaren zati "mardulena" hitzartu dutela. Ezadostasunak jarraipen batzordean legealdian zehar zehazteko utzi dituzte. Programaren gaineko aurreakordio zabala izan dela ere baieztatu du Barkosek.

Adolfo Araiz EH Bilduko zerrendaburuak esan du lortu duguten akordioarekin, luzerako dutela aldaketaren gobernua, iraunkor eta sendoa delako. Araizek gaineratu du "oreka" dagoela programan.

Laura Perez Ahal Duguko zerrendaburua, berriz, pozik agertu da "kontsentsu handiak" lortu dituztelako. 80 orrialdekoa da akordioa. Ahal Duguk larunbatean Hiritarren Kontseiluan aztertuko du akordioa eta militanteekin kontsultatzeko formula.

Jose Miguel Nuin Ezkerrako ordezkariak ere oso balorazio positiboa egin du. Oinarri nahikoa eta sendoa badela uste du.

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!