Hauteskundeak 2015

Hauteskunde gaua bertatik bertara, Euskalerria Irratian

Euskalerria Irratia 2015ko mai. 22a, 12:28

20:00etatik 24:00etara, irrati saioa eta segimendua webgunean. Patxi Zabaleta, Fermin Erbiti eta Carlos Vilches izanen ditugu estudioan. Lau kazetari, alderdien egoitzetan. Hiru kazetari, datuak biltzen.

Aldaketa iritsiko al da gaur? Galdera horri erantzuten ahaleginduko gara 20:00etatik aurrera Euskalerria Irratian. Ordu horretan, irrati saio berezia hasiko dugu. Mikel Bujanda izanen da gidaria, eta alboan, estudioan izanen ditu Patxi Zabaleta politikari ohi eta abokatua; Fermin Erbiti kazetaria; eta Carlos Vilches Nafarroako Soziologoen Elkargoko dekanoa. Telefonoz, beste zenbait analistarekin mintzatuko gara. Besteak beste, Berria-ko kazetari Joxerra Senar eta Diario de Noticias-eko Ibai Fernandezekin. Erredakzioan, hiru kazetari izanen ditugu datuak biltzen eta antenan zabaltzen. Alderdien egoitzetan, beste lau kazetari izanen ditugu, erreakzioak jasotzen

Bihar, mahai ingurua

Bestalde, bihar goizean, Metropoli Forala saioan, 8:30etik aurrera, EH Bildu, Izquierda Ezkerra, Geroa Bai eta Podemos-Ahal Duguko eledunak elkarrizketatuko ditugu. 10:00etan, mahai ingurua eginen dugu Aingeru Epaltza, Floren Aoiz eta David Garnatxorekin. Saioak biribilak izan daitezen falta den bakarra, emaitza egokiak izatea.

Webgunean, hainbat analisi

Webgunean, datuen zuzeneko segimendua egiteaz gain, hiru kazetariren analisiak zabalduko ditugu gaur gauean bertan: Mikel Lizaso, Asier Azpilikueta eta Aritz Ibañezenak, hain zuzen ere. Astelehen goizean, beste hainbat analisi sareratuko ditugu: Santi Leone, Angel Erro, Aitor Etxarte, Aingeru Epaltza, Fernando Mendiola...

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!