Hauteskundeak 2015

Uxue Barkos: “Aldaketa lortu ahal izateko denok azkarrak eta eskuzabalak izan behar dugu”

Euskalerria Irratia 2015ko mai. 21a, 13:33

Geroa Bairen foru presidentearen iritziz, koalizio gobernua ez da aukera bakarra, eta gutxiengoan oinarrituriko gobernua irtenbide egokia izan daiteke.

Uxue Barkosen irudkoz, oso zaila da aurreikustea zer gertatuko den igandeko hauteskundeetan. Panorama oso irekitra ikusten du, eta bozketen ondotik ere oso irekita egon daitekeela dio. Hori horrela, Barkosen aburuz, aldaketa nahi dutenek "azkarrak eta eskuzabalak" izan beharko dira.

Honatx Metropoli Forala saioan Barkosi egin diogun bideo-elkarrizketako zenbait pasarte:

Geroa Bai, EH Bildu, Podemos eta Izquierda Ezkerraren artean ez dagoela inolako akordiorik esan duzu, beste elkarrizketa batean. Hala al da?

Esparzak zioen ezkutuko akordio bat genuela. Eta guk ezkutuan ez dugu ezer. Hitz egin dugu, jakina, hitz egiten segituko dugu, eta asmoa akordioa batera iristea da. Hiru indar horiekin hitz egin dugu, eta baita PSNrekin ere. Baina ikusi beharko dugu zer dioten botoemaileek. Orduan lotuko ditugu akordioak. Orduan esanen diogu gizarteari zein akordio lotu dugun. Ez dugu deus ezkutatzeko.

PSNrekin hitz egin duzuela diozu. Zer diote aldaketaz?

Guk PSNrekin hitz egin dugu, eta besteek ere bai, idazkari nagusi karguaz jabetu zenean Txibitek denekin hitz egin baitzuen. Ordutik ez dugu beste harremanik izan. Haiek aldaketaren alde daudela diote, baina oso adierazgarriak iruditu zitzaizkidan Maite Esporrin alkategaiaren adierazpenak: “EH Bildurekin ez dugu akordiorik egingo, eta uste dut UPNrekin ere ez dugula egingo”. Uste dut hori oso adierazgarria da.

Beraz, PSN aldaketaren aktore bezala ikusten al duzue?

Gure aldetik PSNk ez du batere erraztasunik izanen aldaketari ezetz esateko. Baina nahiago PSN gabe iritsi ahal izatea 26 parlamentarira.

Balizko gobernu alternatiboaren lidergoa polemika eragiten ari da. EH Bilduk dio Geroa Bai oso kanpaina pertsonalista egiten ari dela.

Gauza bat da lidergoa eta beste bat pertsonalismoa. Lidergoak beharrezkoak dira. Eta lidergoa azpimarratzea izan da gure kanpainaren helburuetako bat, Geroa Bairen proposamenaren indarguneetako bat horixe delako, lidergorako gaitasuna, inkesta guztiek hori diote. Lidergoak aldaketari indarra handiagoa ematen dio. Eta azkenean gizarteak erabakiko du lidergoa nori eman.

Horrek esan nahi du balizko gobernu alternatiboan osatzen dutenen arteko indarrik bozkatuenarentzat izanen dela presidentetza?

Indarrik bozkatuenaren sistema horrek arazo handi bat du: itxura guztien arabera UPN izanen dela indarrik bozkatuena eta lege horren arabera presidentetza Esparzarentzat izan beharko litzatekeela. Aukera asko izan daitezke. Hauteskundeen ondoko panorama oso irekia izan daiteke. Eta botoek markatuko dituzte Gobernuaren nondik norakoak. Hori jakin aurretik, oso zaila da ezer aurreikustea.

Baina Geroa Bai Adolfo Araizen edo Laura Perezen alde bozkatzeko prest egonen litzateke?

Geroa Bai herritarrek erabakitzen duten postuan egonen da, baina beti aldaketaren alde.

Azken egunotan, behin baino gehiagotan hitz egin duzu gutxiengoan oinarrituriko gobernuaren formulaz.

Kazetariek horretaz galdetzen didazuelako. Aukera bat da. Kanpaina hasieratik PSNk esan du EH bildurekin ez duela deus nahi, eta gero EH Bilduk gauza bera esan du PSNz. Zenbakiek baldintzatuko gaituzte, eta koalizio gobernua ez bada posible gutxiengoan oinarrituriko gobernua beste formula posible bat da. Azkarrak eta eskuzabalak izan behar dugu gobernu alternatiboa egin ahal izateko, tinkoa izan dadin eta iraun dezan. Koalizio gobernua ez da formula bakarra.

Zeintzuk dira aldaketa gauzatzeko gutxienekoak , Geroa Bairen aburuz?

Lehenik eta behin, aldaketa anitza izan behar da. Kontua ez da UPN kentzea beste kolore batekin gauza bera egiteko. Ez dut alternantzian sinesten. Horretaz gain, aldaketa lasaia izan behar da. Formetan lasaia eta edukietan sakona. UPNk gizartean zabaldutako beldurraren diskurtsoa desaktibatu egin behar dugu. Erantzunak emateko gauza izan behar dugu. Eta gobernu berriak irauteko bokazioa eduki behar du. Kontua ez da bakarrik gobernura iristea, baizik eta gobernuan irautea.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!