Inoiz izan ez den fabore tratua egotzi dio Nafarroako Gobernuko bozeramaleak, Juan Luis Sanchez de Muniainek, Podemos-Ahal dugu koalizioko Parlamenturako zerrendaburu Laura Perezi. Albiste agentzia batek zabaldu zuen UPNren Gobernuak inpugnatu zuela kontratu baten adjudikazioa, zeinetan, Perez izan zen kontratatutakoa bere ama kontzejuko buru zelarik.
Perez berehala azaldu da gaia azaltzera: "Artikako kontzejuak frantseseko eskolak emateko plaza atera zuen. Proba horiek egiteko nire burua aurkeztu nuen". Astean lau orduz frantseseko irakasle aritzeko deitu zuten proba hura. Perezek ama zuen kontzeju buru. "Interpretazio okerrak saihesteko Nafarroako Enplegu Zerbitzuak egin zuen eskola horiek emateko azterketa eta adjudikazioa", ohartarazi du. Merituak kontuan hartu zituzten proba horretan eta Perezek lortu zuen plaza. "Proba anonimoa izan zen", hala jasotzen da proba horren ostean Nafarroako Enplegu Zerbitzuak sinatutako aktan ere Perezek nabarmendu duen moduan.
Nafarroako Gobernuarentzat ordea, ez zen nahikoa izan Nafarroako Enplegu Zerbitzuko tekniko batek proba aurrera eraman izana eta inpugnatu egin zuen prozesua. Muniain kontseilariak esan du: "beharrezkoa zen epaimahai bat osatzea gainerako funtzio publikorako postuak eskuratzeko egiten den moduan". 2013ko azaroan izan zen proba hura. "Legez kanpo kontratatu zuen Artikako kontzejuak Podemos-Ahal dugu koalizioko zerrendaburua, zeinetan gainera haren ama buru zela". Perezen azalpena "defendaezina" dela dio Muniainek era kontratazioa legez kanpokoa izan zela baieztatzen duen espedientea dagoela.