Iruñea aukeratu dute denek maiatzaren 24ko hauteskundeen atarian kanpaina hasteko. Nafarroako Gobernuaren presidentea nor izanen den eta 272 Udaletako alkateak nortzuk izanen diren erabaki ahal izanen da datozen hauteskundeetan. Guztira hamalau dira hautagaitzak, 2011an baino aukera bat gehiago dago: UPN, PSN, EH Bildu, Geroa Bai, Izquierda-Ezkerra, UPyD, Libertate Navarra, Equo, PP, Ciudadanos, PACMA, SAIN eta RCN-NOK.
2011. urtean izan ziren aukeren artean nabarmendu behar da lehen aldiz aurkeztu direla EH Bldu eta Geroa Bai, izan ere, Nafarroa Bai koalizioaren hausturatik sortu ziren biak gerora. Podemos eta Ciudadanos ere lehen aldiz izanen dira hautagai eta CDN ez da aurkeztuko, dagoeneko desagertua baitago alderdia.
Udal hauteskundeei begira jarrita UPNk 86 herritan aurkeztu ditu hautagaitzak, PSNk 72tan, EH Bilduk 68tan, PPk 55tan, Geroa Baik 21etan eta Izquierda-Ezkerrak 12tan.
Botoa eskatzen hasi dira
Podemos izan zen goiztiarrena atzo boto eskaera ekitaldi batean parte hartzen. Sarasate Pasealekuan egin zuen. Laura Perez zerrendaburuak nabarmendu zuen: “alfonbrak altxatu behar ditugu, erakundeetan leihoak zabaldu behar ditugu, herritarren beharrak entzun eta horiei erantzuna emateko”.
Izquierda-Ezkerrak bere aldetik Gazteluko plazan egin zuen hauteskunde kanpainako hasierako ekitaldia. EH Bilduk udaletxe plazan egin zuen Adolfo Araiz zerrendaburua protagonista izanik: “aldaketara bideratuko gaituen kanpaina hasiera da hau”.
PSNk Maria Chivite buru zuela ekin zion kanpainari eta Geroa Baiko Uxue Barkosek Alde Zaharreko Kale Berriko egoitzan ekin zion. Ciudadanosek eta PPk Carlos III. Etorbidean egin zituzten bana ekitaldi.
UPNk Baluarten egin zuen ekitaldi nagusia atzo. Jose Javier Esparza Parlamenturako zerrendaburua izan zen, Enrique Maya Iruñeko alkatea eta Yolanda Barcina ere bai.