Nahi dugun aldaketa politiko eta sozialerako proposamenak bildu ditu ELA sindikatuak txosten batean. Nafarroako Gobernura aldaketa etorri daitekeen honetan, sindikatuko kideek aldaketaren oinarriak zeintzuk izan beharko liratekeen bildu dituzte.
"Gobernuan aldaketa ez da txandatze huts batekin sortuko", alderdia aldatzetik haratago joan behar dela nabarmendu du ELA sindikatuko idazkari nagusi Adolfo Muñoz Txikik. UPNren aurkako kanpaina hutsala dela uste du eta aldaketa Nafarroara ekarri nahi duten alderdiek, aldaketa hori sortzeko proposamenak azaldu beharko lituzketela.
Gaizki egindakoa desegin berritik hasteko
Atzera begira jartzea ere ezinbestekoa dela iritzi du ELAk. Erregimenak, edo UPNren-PSNren eta PPren artean sortutakoa desegiten hasi berritik eraikitzen hasteko.
ELAk egindako txostenean hain zuzen, aldaketa horri begira eman beharko liratekeen pausoak zehaztu dituzte. Orain arte Nafarroa gidatu dutenek erkidegoaren egoera nola utzi duten argitzetik ekin behar zaio Nafarroako ELA sindikatuko koordinatzaile nagusiaren, Mitxel Lakuntzaren, esanetan.
Sindikatuek aldaketa horretan ere zer esana badutela uste du ELAk eta horregatik, egindako txostena alderdiei bideratuko diete.