Hauteskundeak 2015

Gaur hasiko da hauteskunde kanpaina

Euskalerria Irratia 2015ko mai. 6a, 13:32

Hauteskunde kanpaina ofizialki gaur gauerdiko 00:00etan hasiko da, baina alderdi guztiek haien ekitaldiak aurreratu egin dituzte.

Non eginen dituzte lehen ekitaldi horiek alderdi politikoetako ordezkariek? Bada, Sarasate pasealekuan, Udaletxe plazan, Gazteluko plazan eta alderdietako egoitzetan.

UPNk 22:00etan eginen du bere mitina. Baluarteko plaza aukeratu du horretarako. Javier Esparza foru presidentegaia izanen da protagonista, foru eta udal hauteskundeetako hautagai erregionalistak lagun dituela.

PSNk Sarasate pasealekuan duen egoitzaren parean eginen du. Maria Chivite Parlamenturako zerrendaburuak eta Maite Esporrin Iruñeko Udalerako hautagaiak izanen dira protagonista. 20:00etan jarria dute hitzordua.

EH Bilduk bere aldetik, Udaletxeko plaza aukeratu du kanpainako lehen hitzordurako.19:00etan elkartuko dira bertan Adolfo Araiz Parlamenturako zerrendaburua eta Iruñeko Udalekoa, Joseba Asiron.

Alderdi popularrak deialdia Carlos hirugarrena etorbidea eta Orreaga kalea gurutzatzen den iskinean jarri du hitzordua. 20:00etan bertan izanen dira Ana Beltran Parlamenturako zerrendan lehena eta Pablo Zalba Udalerako hautagaia.

Izquierda-Ezkerrak Gazteluko plazan du hitzordua 19:00etan eta Parlamenturako zein Udalerako zerrendetako kideak izanen dira.

Geroa Baik Kale Berriko Maisonave hotelaren parean duen egoitzan ekinen dio kanpainari. 21:00ean Uxue Barkos Gobernurako zerrendaburuak hartuko du parte, beste hiri eta herrietako koalizioko zerrendetako ordezkariekin batera.

Egun Parlamentuan eta Udalean ordezkaririk ez duten alderdiek ere ekinen diote kanpainari

Podemos-Ahal dugu taldeak Sarasate pasealekua aukeratu du. 19:00etan Laura Perez zerrendaburua izanen da beste ordezkari eta militanterekin batera.

Ciudadanosek 20:30ean eginen du Entzierroaren monumentuan. Diego Paños eta Iñaki Arana ordezkariak izanen dira bertan.

UPyDek hauteskundeei begirako kanpainaren hasiera larunbatean eginen du. Agerraldia eginen du Carlos Martinez Gorriaran diputatuak eta igandean Maite Pagazaurtundua eurodiputatuak eginen du.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!