#ap25nahitasuna

Euskaldunei eskerrak emateko ekitaldia eginen du Kontseiluak Anaitasunan, apirilaren 25ean

Ekitaldi "parte hartzaile, bisual, artistiko eta metaforikoa" izanen dela iragarri du Eneko Olasagasti zuzendari artistikoak. Hauteskundeen atarian, hizkuntza politikan jauzi kualitatiboa emateko gutxieneko neurriak aurkeztuko dituzte.

Euskararen normalizazioan aurrera egiteko beharrezkoak diren urratsak zehaztea da ekitaldiarekin bideratu nahi duena Kontseiluak. Horretarako lau zutabe eta hamahiru neurri aurkeztuko dituzte euskararen normalizazioan pausoak emateko ezinbestekoak izanen direnak Aurrera begira jarri nahi du Kontseiluak baina orain arteko bideari ere erreparatuta; esker emate ekitaldia ere izanen da eta hortaz, euskararen alde aritu diren guztiak goraipatuko dituzte Kontseiluko Maite Indaren esanetan. "Ekitaldi parte-hartzailea, bisuala, artistikoa eta metaforikoa izanen da Anaitasunan eginen dena", gaineratu du.

Urteotan Nafarroako Gobernuak hizkuntza-eskubideak sistematikoki urratu dituela ere gogorarazi du Kontseiluak, "euskararen beraren desagerpena bilatu duen hizkuntza-politika bat eraman du aurrera". Erabateko aldaketa beharrezko jo dute, "egiturazkoa" izanen dena.

Egiturazko aldaketa hori hamahiru oinarritan bideratu nahi du Kontseiluak, Anaitasunako ekitaldiaren ondoren argitara emanen dituenak. Lau zutabetan banatuko luke aldaketa gauzatzeko bidea: corpus juridikoan, plangintzan, baliabideetan eta herriaren gogoan berean.

Ezohiko ekitaldia Anaitasunan

Euskarari bultzada ematen segitzeko beharra nabarmenduko dute Anaitasunan Kontseiluko kideek. Baina esker emate ekitaldia ere izanen da. Euskararen alde aritu diren guztiak eskertuz.

Ekitaldiari dagokionez, ez da ohiko mitina izanen. Protagonistak euskaraz bizi nahi duten herritarrak bilakatuko dituzte. Barrea, ilusioa, emozioa eta momenturen batean negarra eragin dezaketen uneak sortzea da xedea. Oholtzara jende andana igoko da. Nafarroako euskal irratiek gidaritza lana hartuko dute eta euskararen ezein hartu-eman duten kideen gogoeta eta esperientziak taularatuko dira. Baina, harmailetan izanen direnak ere bilakatuko dituzte protagonista. Ekitaldia bera, Eneko Olasagasti zinegile eta ekoizlea ari da prestatzen.

Oholtza gainean izanen dira Julio Soto eta Alaia Martin bertsolariak, Demode Quartet musika taldea eta beste hainbat kide, ekitaldia jolas bilakatuko dutenak.

Apirilaren 25ean izanen da ekitaldia, Anaitasuna kiroldegian 18:30etatik aurrera.