Greziako parlamentuak izendatu berri du herrialdeko zorpetzea aztertuko duen batzordeko koordinatzaile Eric Toussaint. "Gure lantaldearen lana izanen da jakitea Greziak pilatua duen 319.000 milioi euroko zorpetzetik identifikatzea zenbat izan daitekeen legez kontrakoa", esan du. Grezian eginen dutena beste herrialdeetara eraman daitekeela uste du, horietan sortu den zorra bidegabearen inguruan ikuskaritza egin eta zor bidegabe hori berriz ez sortzeko neurriak hartzeko aukera aztertzeko: “Zor bidegabe bat ez dela itzuliko erakustea oso onuragarria litzateke", azaldu du Toussaintek halako ikuskaritzen beharra aldarrikatzeko.
Zorpetze publikoaren ikuskaritza kritikoan munduko aditu nagusietako bat da Toussaint. Euskal Herrian izan da zenbait alderdi politiko eta sindikaturekin. Iruñean izan zen atzo EH Bilduk antolatua zuen mahai inguruan. Nafarroari begira jarrita nabarmendu zuen zilegi ez den zorra identifikatzeko kontu-ikuskaritza egitea beharrezkoa dela eta EH Bilduk egindako proposamenarekin bat egin du. Nafarroako Parlamenturako EH Bilduko zerrendaburu Adolfo Araizek eskertu egin ditu Toussaintek emandako aholkuak. Beharrezkotzat jo du Nafarroan dirua nola kudeatu den jakitea.
Zor publikoaren inguruan beste adibideak ere aztertu dituzte mahai inguruan, Greziaz hitz egiteaz gainera Ekuadorrez ere aritu dira.