Hauteskundeak 2015

Laura Perez: "Nafarroa eta nafarrak erreskatatuko dituen Gobernua osatzea da erronka"

Euskalerria Irratia 2015ko api. 8a, 14:14

Podemos-Ahal duguko Parlamenturako idazkari nagusiak, Laura Perezek, aldaketa ahalbidetuko duten alderdiekin bat egiteko aukerak badirela nabarmendu du. Hautagai-zerrenda anitza aurkeztu du gaur koalizioak.

"Herritarrak lehentasun izanen dituen Gobernua osatzea da gure erronka", hala nabarmendu du Podemos-Ahal dugu taldeko idazkari nagusi Laura Perezek. Lau urteotan UPNren Gobernuak utzitako ustelkeria, kaltea eta hutsuneak beste modu batera egiteko taldea osatu dutela esan du. "Nafarroa eta nafarrak erreskatatuko dituen Gobernua osatzea da erronka", adierazi du idazkari nagusiak. "Lan talde anitza osatu dugu, arlo desberdinetako herritarrek osatu dute zerrenda".

Joan den astean ezagutu genuen Podemos-Ahal dugu taldeko idazkari nagusia Laura Perez izanen dela Nafarroako Parlamenturako. Botoen ia %76 jaso ditu alderdiko idazkari nagusiak. Mikel Buil, Tere Saez, Lizarrako Berdintasun teknikaria, Carlos Couso, sindikalista, eta Ainhoa Aznarez, Iruñeko zinegotzi sozialista ohia, dira hurrengoak zerrendan.

Barne prozesu aberasgarria

Bozketara independiente gisa aurkeztu ziren beste bi hautagaiak Perezengandik urruti gelditu dira: Francisco Espinosak botoen %15,23 lortu ditu eta Juan Carlos Alutizek %8,83.

Perezek adierazi du “prozesu honek balio izan duela alderdia indartzeko hauteskundeei begira”. “Une historikotzat” jo du eta Nafarroak “herritarrengandik etorri behar duen aldaketa” eskatzen duela gaineratu du.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!