Julio Soto: "Txapelak ez dira mitifikatu behar"

Euskalerria Irratia 2015ko api. 1a, 07:30

Nafarroako Bertsolari Txapelketa hirugarrenez irabazi du Julio Sotok. Edizio "garratza eta mikatza" izan da, anaia txikia istripuan hil eta hilabetera iritsi zitzaion eta.

Sotok biziki eskertu du zaleen zein bertsokideen berotasuna, eta bertsoak zutik mantentzen lagundu diola dio. Pozik da txapela lortu duela-eta, baina txapelak zein txapeldunak mitifikatzearen aurkakoa da.Honatx Metropoli Forala saioan Julio Sotori egindako elkarrizketako pasarte zenbait:

“Finala ezin da ulertu anaiarekin lotu gabe”

"Txapelketa egia esan nahiko garratza eta mikatza izaten ari da. Baina horrelaxe etorri zen txapelketa, istripua gertatu eta bi astera. Zalantza asko eduki ondoren parte hartzea erabaki nuen. Eta ez naiz damutu. Bertsoak lagundu dit zutik mantentzen. Emozio asko bizi izan ditut oholtza gainean. Eta azkeneko agurra berari kantatzeko gogoa neukan. Txapelketa osoan sentitu dut bion arteko zerbait zela, oso gertu sentitu dut anaia, eta espero dut aurrerantzean ere hala izatea. Nahiko mingarria zait gai honi buruz hitz egitea. Badakit hitz egin behar dela, eta aurtengo finala ez dagoela ulertzerik gai honi lotu gabe".

“Hasieratik sentitu nuen jendearen berotasuna”

"Lehendabiziko agurretik sentitu nuen publikoa oso gertu nuela. Berotasun hori sentitu dudan bezala txapelketako aurreko saio guztietan. Egunero sentitzen dudan bezala. Baina jendaurrean ari denean, final batean ari denean bertsolariak horrelako berotasuna sentitzea oso garrantzitsua da, eta halako zerbait tartean gertatu denean are gehiago. Jendeari eskerrak eman besterik ez daukat. Denon artean lortu genuen larunbatean lortu genuena".

“Txapelduna izateak ez du bereziki ezer esan nahi”

"Txapelak esan nahi du arratsalde horretan 18 bertso horietan zu izan zarela gehien asmatu duen bertsolaria. Txapela horri lotu behar zaiola uste dut. Badugu joera txapelak mitifikatzeko eta txapeldunak estralurtar batzuk balira bezala marrazteko, eta ez da beste munduko ezer. Egia da hurrengo bi urteetan agian saio gehiago edukitzea egokituko zaiola txapeldunari, baina egia esan nik gustu handiz egiten ditut horrelako gauzak eta konpromiso horiek".

“Bertsoa nire bizitzaren zentralitatetik kentzen ari naiz”

"Izan da garai bat bertsoak toki zentral bat zuela nire bizitzan. Kasik bertsoarentzat bizi nintzen, dena zen bertsoa. Zorionez azken urte eta erdi honetan lortu dut edo lortzen ari naiz zentralitate hori kentzea bertsoari. Oraindik oso toki garrantzitsu batean dago. Eta beti egongo da oso toki garrantzitsu batean. Baina saiatzen ari naiz zentralitatea beste gauza batzuei ematen, dela familia, lagunak edo beste arazo handiago batzuk".

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!